kloro

iz. KIM. Zenbaki atomikoa 17 eta pisu atomikoa 35,453 duen elementu kimikoa (Cl).
Kloroa ez-metal halogenoa da; 3,214 g/l-ko dentsitatea, fusio-puntua -103 ºC eta irakite-puntua 34 ºC-tan duena. Gas toxiko, korrosibo, berde-horixka da, begietan eta arnas sisteman narritadura sortzen duena. Lehen Mundu-Gerran arma kimiko moduan erabili zen kloro gaseosoa.
Lurrean ez dago kloro elementalik, sumendietatik isurtzen den gasetan izan ezik. Ozeanoetan ugariagoa da, gatz askotan agertzen baita ioi kloruro moduan. Industrian, gatzunaren elektrolisiz prestatzen da nagusiki.
Kloroa eta bere konposatuak oso erabiliak dira dekoloratzaile gisa papergintzan eta ehungintzan; edateko urak desinfektatzeko eta konposatu organiko eta ez-organiko ugariren sintesian. Gainera, konposatu organikoekin adizio- eta ordezkapen-erreakzioetan parte hartzen du.




Atzera