klunitar

adj. eta iz. Clunyko ordenako kidea; delako ordenari dagokiona.
Akitaniako Gilermo I.a dukeak eraiki zuen 910ean Frantziako Borgoinako Cluny-n abadia beneditarra, klunitar erreformaren abiapuntua izango zena. Zuzenean aita santuaren agintepean jarriz, monako-bizitzaren erreforma handiaren erdigune bihurtu zen bertako abadeen, eta bereziki S. Odon-en (926-42), Aymard-en (942-65) eta ondorengoen eraginez. San Benitoren erregela zorrotzago bizitzea zen erreformaren helburua, batik bat eskulaneko orduak murriztuz eta otoitzerako gehiago emanez. Beste monasterio beneditar askotara zabaldu zen eta guztiak Clunyko abatetxearen menpean jarri ziren, horrela beneditarren artean ezagutzen ez zen zentralismoa ezarriz: hainbat prioretxe abatetxe baten menpen.
Eragin handia izan zuen erreformak Eliza katolikoaren bizitzan. Berrikuntza erlijiozko-espirituala izateaz gain, mugimendu artistiko berezia abiatu zen Clunytik -eliza eder handiak-, ordenaren eraginez Europako beste herrialdeetara zabaldu zena. Bere garairik onenean (XII. m.aren amaieran) 1.184 etxe zituen ordenak, baina ondorengo mendeetan gainbehera etorri zen eta berrikuntza-ahaleginek ez zuten arrakastarik izan. 1790ean ordena deuseztatu zutenean 280 monako ziren, 36 etxetan sakabanatuta.




Atzera