kosmologia

iz. 1. ASTRON. Unibertsoaren jatorria, egitura eta bilakaera aztertzen dituen zientzia. 2. FIL. Kosmosa edo unibertsoa aztertzen dituen filosofiaren atala.
Kosmosaren ikuskera eta horri buruzko irudia mito nagusiei lotuta zegoen antzinako erlijio mitologikoetan; munduaren sorrerari buruzko kosmogoni mitoek leku behinena zuten horietan. Mendebaldeko filosofia kosmologi aroetatik abiatu zen bereziki, eta filosofo presokratikoengan kosmosa berorren osotasunean hartuta ulertzeak interes berezia du: horren lehen ekaia eta horren azkenburuko errealitatea. Ordutik aurrera, mendebaldar filosofiaren tradizioan kosmologiak leku garrantzizkoa izan du filosofo greko, eskolastiko eta modernoetan. C. Wolff filosofo-matematikari-zientzialariak bataiatu zuen alor filosofiko hori bere Cosmologia generalis obran (1731). Munduaren sorrera (kreazioa), gorputz kosmikoen izaera, izadiaren lege orokorrak eta horrelakoak aztertu izan ditu filosofiak.
Garai modernoetan, ordea, gero eta gehiago zientziaren, matematikaren eta fisikaren alor bihurtu da kosmologia; areago, astronomia, fisika eta matematika lotzen dituen zientzia espezifiko bihurtu da. Kosmologia zientziak berak filosofo pitagorikoetan ditu bere sustraiak. Hiru aro handi berezi ohi dira kosmologia zientifikoaren historian. 1) Aristoteletar-ptolomeotarra (K.a. IV. m. - K.o. XV. m.): munduaren erdigunean Lurra dago eta inguruan egon daude edo ibili dabiltza astroak; 2) Kopernikar-newtondarra (XVI-XIX. m.): Eguzkia munduaren erdigune (Koperniko) edo Newtonen unibertso infinitua; 3) Gaur egungoa: erlatibitatearen bereziaren aurkikuntza, horren garapena eta erlatibitate orokorraren teoria (Einstein) eta horren aplikazioa kosmologiara, horiek izan dira XX. mendeko kosmologia berriaren oinarriak; hortik eratu diren kosmosaren ereduen azpian, baieztapen nagusi bi daude: unibertsoa homogenoa dela espazioan eta lege fisikoak berdinak direla edonon.




Atzera