leuzemia
iz. MED. Gaixotasun larria, odoleko leukozitoen kopuru-igoera iraunkorra eta ehun linfoide bat edo gehiagoren (barea, gongoil linfatikoak edo hezur-muinaren) hipertrofia eta zelula gaiztoen ugalketa ezaugarri dituena.
Leuzemien sailkapena gaixotasunaren bilakaeraren eta gaitzak jotako leukozito-moten -linfozito eta granulozitoak gehienetan- arabera egin ohi da. Leuzemia akutua oso azkar garatzen da eta sintoma nagusiak anemia, odoljarioak, sukarra, nekea, zurbiltasuna, argaltzea eta mukosetako lesioak izan ohi dira. Leuzemia kronikoen kasuan, askotan linfa-tumoreak, bare eta gibeleko hantura eta odol-zirkulazioko arazoak sortzen dira. Sarritan leuzemiek leukozito-mota bakar batean izaten dute eragina. Kasu horietan oso garrantzitsua da kaltetutako leukozito-mota zehazki ezagutzea, honek gaixotasunaren bilakaera eta egin beharreko tratamendua baldintzatuko baititu. Horretarako hezurren muinaren biopsia egiten da, bertan sortzen baitira leukozito gehienak.
Leuzemia akutuen kasuan metodo kimioterapikoak eta odol-transfusioak erabiltzen dira; leuzemia kronikoetan ere kimioterapia eta erradioterapia baliatu ohi dira.
Leuzemiaren kausak ezezagunak badira ere, erradiazio ionizatzaileek, droga zitotoxikoek eta bentzenoaren erabilera industrialak nolabaiteko eragina dutela uste da.
Atzera