erradioterapia
iz. MED. Gamma izpiak, X izpiak eta erradiazio ionizatzaileak erabiliz eginiko tratamendua.
Erradioterapiak ia beti erabiltzen du erradiazio ionizatzailea, barneko ehunetara sartzeko gai diren izpiak, zelula gaixoen aurka bai fisikoki eta bai kimikoki erreakziona dezaketenak haiek suntsitzeko. Bestelako erradiazio-motak (infragorriak eta ultramoreak) bero-lanparen bidez emanak neuritis eta artritis kasuetan erabil daitezke hantura jaisteko.
Erradioterapia tumoreak tratatzeko eta odoleko gaixotasunetan (leuzemia, kasu) erabiltzen da.
Substantzia erradioaktiboak tumorean sartuz edota gorputza kanpoko iturrien (energia altuko izpien iturrien) esposizioan jarriz administra daiteke erradiazioa. Bi metodoek izan dituzte emaitza onak prozesu kantzerosoak tratatzeko edota geldiarazteko. Tumorearen tamaina, non kokatua dagoen, nahi den erradiazio-maila eta egoera indibidual jakinaren aurrean komenigarrien den tratamendua aukeratzen da. Erradioterapiaren xedea zelula kantzerosoak suntsitzea da, ehun sanoak ahalik eta gutxien kaltetuz. Prozesu kantzeroso azkarrak geldiro hazten direnak baino errazago suntsitzen dira erradiazio bidez. Goragalea, ilea erortzea, argaltzea, ahulezia eta larruazaleko asaldurak dira erradioterapiaren ondorioetako batzuk. Erradiazio-iturriak radioa eta radona izan daitezke, edota isotopo erradioaktiboak -zesio, tantalo, kobalto, urre, iridio bezalako metalen forma erradioaktiboak-. Isotopo hauek guztiak gamma izpiak igortzen dituzte, sakon sartzen dira eta azaleko irradiazio minimoa eragiten dute.
Atzera