ugalketa

iz. 1. Ugaltzeko ekintza eta horren ondorioa. 2. BIOL. Espezieen iraupena ziurtatzea helburu duen funtzioa. • lagunduriko ugalketa. MED. Bikoteen ugaltzeko zailtasuna edo gaitasunik eza gainditzeko erabiltzen diren tekniken multzoa. Arruntenak ernalketa in vitro-koa eta intseminazio artifiziala dira.
BIOL. Ugalketa organismo berrien sorkuntza da, aldez aurretiko organismoetatik abiaturikoa. Ugalketak espezieen iraupena ziurtatzen du eta bizidun guztien ezaugarri karakteristikoenetarikoa da. Modu nagusi bi erakusten ditu: ugalketa asexuala eta ugalketa sexuala.
Ugalketa asexualaren kasuan, bizidun berria organismo progenitorearen zati batetik abiatuta garatzen da. Prozesua hainbat eratara burutu ahal da organismoen arabera (herrestadarrak, zilak, begiak, aldaxkak, esporak...), baina betiere inplikaturiko mekanismo zelularrak mitotikoak dira. Hau da, ugalketa asexual bidez garatutako ale berriek gurasoaren informazio genetiko berbera edukiko dute, eta hortaz, espeziearen aldakortasun genetikoa eragiten ez duelarik, ugalketa asexuala ugalketa sexualaren osagarri gisa agertzen da. Ugalketa asexualaren modalitate sinpleenetarikoa fisioa da: progenitorearen gorputza zati bitan banatzen da, horietariko bakoitzetik bizidun independente berri bana eratuko delarik. Fisioa hainbat taldetan deskribatu da era desberdinetara: protistoetan, landareetan eta animalietan (esate baterako, platihelminteak). Gemazio deritzon prozesuan, gurasoaren gorputzeko parte txiki bat bereizten da eta ale berria garatzen du; berau, gurasoarengandik banandu egin daiteke eta bizimodu independenteari ekin, edo berari lotuta mantendu ale askoko kolonia eratuz. Gemazioa oso arrunta da bai landare artean eta bai animalia artean ere (belaki, knidario, platihelminte, poliketo, briozoo, tunikatu). Animali espezie askotan gainestaldura babestailea duten gorputz jarkikorrak eratzen dira barne-gemazioz baldintza desfaboragarrietarako (gemulak eta estatoblastoak, kasu). Bestalde, itsas izarren birsortze-ahalmena zenbaitetan ugalketarako baliagarri izan daiteke, beso bakar batek ale osoa birsortzen duenean.
Ugalketa sexualak guraso bi behar izaten ditu normalean, biparentala esaten zaiolarik, eta espeziearen ale-kopurua emendatu ez ezik ondorengoen ondare genetiko diferentea ziurtatu ere egiten du, berritasun ebolutiboaren iturri delarik. Ugalketa sexuala fase bitan burutu ohi da: batetik, hornidura kromosomiko haploidedun (n) zelula ugaltzaileen (gametoen) eraketa meiotikoa, eta bestetik, sexu desberdineko gametoen fusioa (ernalketa), zigoto diploidea (2n) eratzeko. Ernalketa zelula diploideen artekoa balitz, zigotoaren kromosoma-kopurua bikoiztu egingo litzateke belaunaldi bakoitzeko, eta beraz, meiosi bidezko murrizketa kromosomikoa ezinbestekoa da, zenbaki hori iraunkor mantentzeko.
Bestalde, aleak sexu bakarrekoak direnean gonokorismoaz mintzo da (landare dioikoetan, eta animalia gehienetan); arrek espermatozoideak eta emeek obuluak ekoitziko dituzte. Ostera, bizidun batek sexu biak aurkeztu eta, hortaz, sexu bietako gametoak ekoiztean datzan fenomenoari hermafroditismo deritzo, eta hau hainbat motatakoa izan daiteke. Edozelan ere, ernalketa gurutzatua egoten da fenomeno bi horiekin asoziaturik, eta guraso bi behar izaten dira baita hermafroditismoaren kasuan ere, horrela ugalketa sexualaren potentzial ebolutiboa maximizatuz.
Ugalketa sexual uniparentala salbuespen nabaria da, eta modu zeharo desberdin bitara gerta daiteke. Batetik, partenogenesi esaten zaio ernalketarik gabeko ugalketa sexualari: gameto emeek ale berriak garatuko dituzte gameto arren partehartze barik; mekanismo bereziak garatu dira hornidura kromosomikoa konstante mantentzeko. Bestetik, aldibereko hermafroditismoaren kasuan autoernalketa gerta daiteke; kasu honetan espermatozoidea eta obulua guraso bakarrarenak dira.




Atzera