publizitate

iz. Jendea produktu edo zerbitzu bat kontsumitu edo erabiltzera bultzatzea helburu duten komunikazio-tekniken multzoa; helburu hori lortzeko egindako ekintzen multzoa.
Gaur egun puntako teknologiaz baliatzen bada ere, publizitatea ez da sortu berria. Mezu publizitarioak antzinatik erabili izan dira; gaur egungo iragarkien funtzio bera zuten, esate baterako, kalez kale ibiltzen ziren mandatarien mezuek edota hormetako kartelek. Nolanahi ere, gaur egungo publizitatea ez zen XX. m.aren hasiera arte sortu, orduko aldaketa sozial eta ekonomikoek publizitatearen aro berria abiarazi baitzuten. Garai horretan biztanleen eros-ahalmena areagotzen hasi zen eta jendea jarrera zehatz batzuetara -dela erostera, dela zerbitzu bat erabiltzera- erakartzeko beharra nabarmendu zen. Aldaketa horiek gertatu baino lehen ere, kartelak edota prentsako iragarkiak maiz erabiltzen ziren, baina ordutik aurrera bitarteko gehiago eskuratu zituen publizitateak: eskutik eskura banatzekoak, telebistako iragarkiak, ekitaldien babes-ekimenak, etab.
Bitartekoak dibertsifikatzearekin batera, publizitatea bera ere aldatuz joango da. Komunikazio-teknikak gero eta sofistikatuagoak dira eta, besteak beste, marketinga, psikologia edo semiotikaz baliatzen dira. Publizitatearen prozesua hartzailearen beharren azterketarekin hasten da, eta horretarako, merkatu-azterketak edo inkestak egin ohi dira. Zer eskaini behar den erabakita, mezuaren egiturari erreparatzen zaio ondoren. Publizitate urdinak hartzailearen kontzientzian eragitea du helburu eta produktuaren onuraz hitz egingo dio; publizitate gorriak, aldiz, sentimenduak astinduko ditu eta arrakasta, zoriona edo dirua "eskainiko" ditu produktua erostearen truke. Azkenik, mezua isladatuko duen gidoia prestatu eta prentsa idatzira edo ikus-entzunezko bitartekoetara egokitu da.




Atzera