tenplaketa

iz. TEKNOL. Aleazio bat tenperatura altu bateraino berotu ondoren inguru jakin batean lasterrago ala astiroago hoztean datzan prozedura, ondoren osagaiek giro-tenperaturan desorekan iraun dezaten egiten dena. • tenplaketa bainitiko. Ik. austempering.
Altzairuak duen karbono-proportzioaren arabera, 723-1.130 ºC bitartean dauden tenperatura-mugaz gaindik berotu behar da altzairu guztiak austenita egitura-mota har dezan. Beroketa hori oso astiro egin behar da tenperatura kritikoa baino 50 bat ºC-tik gora (tenplatzeko muga-tenperaturara) iritsi arte. Tenperatura horretan iraunarazi behar da denboraldi batean, piezaren masa osoa austenita homogeno bihur dadin. Ondoren, oso laster hoztu behar da, gutxienez ere austenita horrek martensita egitura hartzeko bezainbateko lastertasunez. Lastertasun hori tenplatzeko abiadura kritikoak markatzen du. Abiadura hori altzairuak duen karbono-portzentajearen baitakoa da eta segundoko 200 eta 600 ºC artean ibili ohi da. Hala ere, altzairuak baditu berekin beste osagai batzuk (nikela, manganesoa, kromoa), eta ondorioz, abiadura hori txikiagotu egin daiteke. Hori dela eta, zenbait aleazio-mota askoz ere hozte-abiadura txikiagoan tenplatzen da, adibidez, altzairu autotenplagarriak airetan utzita hozten dira. Hozte-abiadura, hozteko erabilitako bitartekoaren eta piezaren forma eta neurrien esku egon ohi da. Hozteko erabiltzen diren bitartekoak, ura, olioa, petrolioa, gatzuna, airea presioan, berun urtua, etab. izan daitezke.




Atzera