tren-makina

iz. Bagoiei lotu eta hauek higiarazteko erabiltzen den makina.
XIX. mendearen hasieran, W. Murdock eta R. Trevithick britainiarrek lurrinez higitzen zen ibilgailu bat asmatu zuten; Trevithick-ek, 1803an, ikatz-meatze batean, errei gaineko lehenengo probak egin zituen bere bagonetarekin, zaldiek tiratutako usadiozkoak ordezkatzeko. Hala ere, asmakizun horri bideragarritasun praktikorik handiena G. Stephenson-ek eman zion, 1814an bere eredua garatu zuenean. Gaur egun, ordea, ia ez da baliatzen lurrinezko tren-makinarik eta diesel motoredunak nahiz motore elektrikodunak erabiltzen dira nagusiki.
Lurrinezko tren-makinei pistoidun makina batek edota lurrin-turbinak eragiten die. Lehenengoetan, lurrinak pistoia bultzatzen du eta honek higidura gurpiletaraino transmititzen du. Bigarrenetan, berriz, gurpilei engranatutako errotoreari eragiten dio lurrinak. Bi motek ere, ura eta erregaia (ikatza) beraiek garraiatzen dituzte.
Motorez higitutako tren-makinen artean, mota desberdinetakoak daude. Diesel tren-makinek potentzia txiki samarreko diesel motorea dute. Industria handietan eta maniobretarako erabiltzen dira nagusiki. Tren-makina diesel-elektrikoetan motoreak sorgailu elektriko bati eragiten dio, eta honek gurpilen ardatzetan engranatutako motore elektrikoak eragiten ditu. Gaur egun ibilbide handiko lineetan erabiltzen dira.
Tren-makina elektrikoak nahikoa energia elektriko daukaten herrialdeetan erabiltzen dira. Arruntena, korronte monofasikoduna da. Makinak goi-tentsioko (zenbait mila volteko) korronte alterno monofasikoa hartzen du trolearen bidez bere gainean dagoen lineatik. Transformadore baten bidez tentsioa 500 V-etara murrizten da. Zirkuitua erreiek ixten dute.
Egungo tren-makina normalen potentzia 3.000/4.000 ZP ingurukoa da, baina AHT tren-makinetan edo karga handiak garraiatzeko erabili ohi direnetan 8.000 ZP baino handiagoa ere izan daiteke.




Atzera