tutoretza

iz. 1. Tutorearen jarduera. 2. Beren adinagatik edo ezinduta egoteagatik beren kasa ezin bizi daitezkeen eta beren ondasunak ezin administra ditzaketen pertsonak babestu eta laguntzeko sortutako erakundea.
ZUZ. Herri primitiboen famili antolaketan seme-alabak gurasoen jabetza ziren eta ez zuten tutoretza ezagutu, horretarako subjektu juridikorik ez baitzen onartzen. Grezian seme-alaben nortasuna eta gurasoena bereizten hasi ziren eta horrela sortu zen tutoretza instituzio gisa, hasieran familiaren interesak defendatzeko, esate baterako, ondarea oinordekoentzat izan zedin, eta geroago babes-funtzioarekin, gurasoen eta agintaritza publikoaren eskuhartzearekin. Erroman ere antzeko bilakaera izan zuen tutoretzak. Zuzenbide erromatarrean bi eratako babesa izan zezakeen ardurapekoak: tutoretza (ardurapeko pertsona zaintzeko eta batzuetan horrez gain honen ondasunak kudeatzeko) eta ondasunen kudeaketa hutsa.
Gaur egun estatu batzuetan (esate baterako, Frantzia, Portugal eta Espainian) tutoretza famili erakunde gisa hartzen denez, familiak du pisu nagusia, baina beste batzuetan (Austria, Suitza, Alemania, Errusia eta EEBBetan, adibidez) erakunde publiko gisa hartzen denez, agintariek dute zeregin nagusia. Bestalde, Mexiko, Argentina, Txile, Uruguai, etab.etan sistema mistoa dute.
Tutorearen ardurapekoak emantzipatu gabeko eta guraso-aginterik gabeko adin-txikikoak eta ezgaituak (epai bidez aitortzen denean) dira eskuarki. Tutore izateko honakoek dute lehentasuna: adin-txikikoarekin edo ezinduarekin bizi den ezkontideak; gurasoek; testamentuetan gurasoek horretarako izendaturiko pertsonek; edo epaileak izendatzen duen ondorengo, aurreko edo anai-arrebak. Arrazoi bereziren bat dagoenean, epaileak beste erabakiren bat har dezake tutorea izendatzeko. Adin-txikikoak edo ezinduak zaintzeko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak ere izan daitezke tutore.
Epaileak izendatzen duen tutorea fidantza ezartzera behar dezake, eginkizuna behar bezala beteko duela bermatzeko. Tutoreak, hain zuzen, ardurapekoaren ondasunen inbentarioa egin behar du eta, horrez gain, behar bezala elikatu eta hezi behar du. Ardurapekoa gizartean ahalik eta ongien txerta dadin saiatuko da. Epaileari urtero eman behar dio ardurapekoaren egoeraren eta honen ondasunen kudeaketaren berri.




Atzera