txirrindularitza

iz. KIR. Bizikleta erabiliz egiten den kirola. Txirrindularitza-lehiaketak pistan nahiz errepidean egiten dira.
Txirrindularitza-lehiaketak pistan nahiz errepidean egiten dira. Errepideko lasterketak banako probak dira. Irteera denei batera ematen zaie. Amateurrek 180 km egiten dituzte eta profesionalek 250-300 km. Proba hauetan garrantzia izaten dute taldetik ihes egiteak (batez ere aldapa pikoetan) edo azkeneko sprintak, helmugara taldean heltzen direnean. Gisa honetako proba klasiko profesional bat Paris-Roubaix da.
Erlojuaren aurkako probetan ziklistak bakarka abiatzen dira minutuko aldearekin, eta ibilbidea egiten denbora gutxiena ematen duenak irabazten du. Normalean 50 km inguruko distantziak izan ohi dira. Paris-Bordele da gisa honetako proba klasiko bat.
Etapakako lasterketetan iraupena hiru egunetik hainbat asterainokoa izaten da eta egunero etapa bat edo bi ibiltzen dira. Etapa gehienak errepideko lasterketak izaten dira, baina bat edo beste erlojuaren aurkako proba izan daiteke. Etapa bakoitzeko liderrak elastiko berezia eraman ohi du. Txirrindulari profesionalentzat etapakako lasterketa famatuenak Frantziako Tourra eta Italiako Giroa dira.
Pistan 1.000 m-ko sprint-lehiaketak izaten dira (binaka korritzen direnak), banakako sprinta (aldiko bat) eta banakako jazarpena (bi ziklista izaten dira eta bakoitza pistaren kontrako alde banatan ipintzen da, eta 4.000 metroko distantzian elkar harrapatzen saiatzen dira). Jazarpen hauek launakako taldetan ere izaten dira.
Txirrindularitza joko olinpikoa da 1896az geroztik. Sprinta eta jazarpena proba olinpikoak dira; ez, ordea, pistan eta 100 kilometroz airea ebakitzen dion motozikletaren atzetik egiten diren lasterketak.




Atzera