zinematika

iz. FIS. Kausak kontuan hartu gabe partikula eta sistemen higidura aztertzen duen fisikaren adarra.
Zinematikaren ikuspuntutik, puntu materiala espazioan duen kokapenaz eta kokapen hori hartzen dueneko aldiuneaz zehazten da. Lau koordenatu horien multzoak (hiru espazioko kokapenari dagozkionak eta bat denborari dagokiona), erreferentziatzat hartzen den espazio-denbora sistema batekiko erkatuz zehazten da. Zinematika higidurak irauten duen bitartean lau koordenatu horien eta beren denborarekiko deribatu diren abiadura eta azelerazioen artean dauden erlazioak ezartzen ahalegintzen da.
Zinematika klasikoan, denbora unibertsala da eta ez da erreferentzi sistemaren baitakoa. Espazio-koordenatuak uneoro ondorioztatzen dira erreferentzi sistema batetik beste batera geometriako translazioak edo biraketak (errotazioak) eginez.
Zinematika erlatibista aztertu eta printzipio nagusienetakoak ezarri zituena Einstein izan zen. Zinematikaren erlatibitate-ikuspuntutik ikusita, ezein abiadura ere ezin daiteke argiak hutsetan duen abiadura baino handiagoa izan. Hortik ondorioztatzen da, alegia, denbora erreferentzi puntuaren baitakoa dela, aldiberekotasuna ez dela absolutua eta gorputz zurrunaren dimentsioak neurketa egiten den erreferentzi sistemarekiko duen abiaduraren baitakoak direla.
Zinematika klasikoa zinematika erlatibistak argiaren c abiadurarekiko (300.000 km/s) ahulak diren abiadurentzat duen muga da. Zinematika erlatibista beraz, c abiadurari hurbiltzen zaizkion abiaduren inguruko kasuetan bakarrik erabiltzen da.




Atzera