Balmaseda

Bizkaiko udalerria, Kadagua ibaiaren bi aldeetara (Enkartazioak); 7.320 bizt. (balmasedarrak). I-an Artzentales eta Sopuerta, E-an Zalla eta H-an eta M-an Burgosko probintzia ditu mugakide. Nekazaritzak atzera egin du eta industria (metalgintza eta zurgintza) da orain udalerriko ekonomi jarduera nagusia. Merkataritza- eta administrazio-gune ere bada. Lanean ari den populazioaren erdiak zerbitzu-sektorean dihardu eta ia beste erdiak bigarren sektorean. Industriaren bilakaeraren ondorioz biztanle-kopuruak gorabeherak izan ditu: 1950ean 4.720 biztanle zituen, 1978an 8.313 eta 1991n 7.320. Historia. Lehen aztarnak erromatarren garaikoak dira, Burgosa zihoan bideko guneetako bat baitzen. Bizkaiko jaurerriko hiribildu zaharrenetakoa da. 1199an hiribildu-titulua eta Logroņoko forua lortu zituen eta 1234an Bizkaiko jaurerriaren menpean geratu zen. Gaztelako Alfontso X.ak bere erregealdiaren hasieran hiria hartu zuen, handik gutxira Lope Diaz de Haro II.a Bizkaiko VI. jaunari itzuli ziolarik. Ganboatar eta oinaztarren arteko borroka ugariren lekuko izan zen eta hiriko eraikuntza nagusi gehienak moztuak izan ziren. Artea. Udalerrian harresia eta Goiz Erdi Aroko zubi zahar bat daude. San Seberino eliza estilo gotiko berantiarrekoa da. XIV-XV. bitartean eraiki zen, baina geroztik, estilo churriguereskoan eginiko dorrea eta erlaiza gehitu zitzaizkion. Hiru nabeko oinplanoa du eta nerbio diagonalak dituzten ganga sinplez estalirik dago. Kanpoaldean, kontrahorma batzuk absidean, trazeria gotikoko hainbat leiho eta bi arrosetoi kontserbatzen dira. Hegoaldeko portadaren behealdean arku beheratuek mugatzen dute ateburua. Honen azpian bao bat dago eta bertan Salbatzailearen irudia.



Atzera