ganboatar

adj. eta iz. Berant Erdi Aroan Euskal Herriko bando-gerretan oinaztarren aurka borrokan jardun zuen bandoa; delako bandoko kidea.
Euskal Herriko Berant Erdi Aroko (XIII. eta XIV. mendeetako) bando-gerren azpian leinuen egitura soziala zegoen, bakoitza bere ahaide nagusiarekin. Horien arteko elkartasun eta gatazken gorabeheren ondorioz eratu ziren ganboatarren eta oinaztarren alderdiak, elkarren aurkako bando gisa, gainerako leinuak bataren ala bestearen ingurura erakarriz. Araban sortuta, Gipuzkoan eta Bizkaian zabaldu ziren bi bandoak eta horien arteko borrokak. Ganboatarrek Ganboa familia zuten buru, eta horrekin aliatu ziren Gipuzkoako hainbat etxe, Bizkaiko abendaņotarren, arteagatarren eta salazartarren leinuak eta Arabako gebaratarrena. Oinaztarren bandoak beste hainbat familia bereganatu zituen Gipuzkoan, eta horien alde jokatu zuten Bizkaiko butroetarren eta muxikatarren leinuek eta Arabako mendozatarrenak. Leinuen bandoekiko leialtasuna eta lotura erabatekoak eta finkoak ez baziren ere, historialariek bando bakoitzaren nagusitasun-eremuak nabarmendu ohi dituzte herrialde bakoitzean.
Bandoen eraketaren eta horien arteko borroken historia aski iluna da; horien azpian arrazoi sozioekonomikoak egoteaz gain, bazen nonbait sustrai politiko orokorragorik ere: Nafarroaren eta Gaztelaren arteko gatazka, alegia. Horrela, ganboatarren eta oinaztarren arteko banaketa eta etsaigoa Nafarroako agramondarren eta beaumondarren artekoaren parekotzat jo izan da: ganboatarrek Nafarroaren aldera jotzean eta oinaztarrek Gaztelari jokoa egitean zegoen, hain zuzen ere, bi alderdien arteko borrokaren sustraietako bat, interpretazio horren arabera.




Atzera