Bretainia

bret. Breizh. Frantziako M-ko eskualde administratiboa, Ozeano Atlantikoaren ertzean. Côtes-d'Armor, Morbihan, Ille-et-Vilaine eta Finistère dpdu.ez osatua; 27.184 km2 eta 2.795.638 bizt. Hbru. Rennes. Bretainia eskualde historikoak, aurreko lau dpdu.ez gainera, Loire-Atlantique dpdu. ere hartzen du. Frantziako 1982ko erreforma administratiboaren ondoren sortu zen Bretainia eskualdea, Loire-Atlantique kanpo utzita. Klima epela eta hezea. Kostaldean arrantza, arrain-kontserbak eta turismoa. Barnealdean zerealak eta abeltzaintza. Industrializazioa azkar garatu zen Bigarren Mundu-Gerraz gero (automobilgintza, elektronika, ehungintza, petrolio-errefinategia).
Historia. V. m.ra arte Armorika izena izan zuen eskualdeak, Mancheko kanalaren bestaldetik ihesi iritsitako britoiak sartu arte. 845ean Nominoe buruzagiak Bretainiako independentzia lortu zuen. 939: Bretainiako dukerria sortu zen. 1341-65: Joan III.aren heriotzak oinordeko gabe utzi zuen Bretainia eta Ondorengotza-gerra piztu zen. Haren anaia Joan Montfort-ekoa nagusitu eta Joan IV.a izenaz duke bilakatu zen. Honen seme Joan V.aren erregealdian Bretainiak oparoaldi handia izan zuen (XV. m.). 1487-90: Frantzisko II.a eta gero beronen alaba Ana, Ingalaterrarekin eta Maximiliano enperadorearekin aliatu ziren Bretainia independente gordetzearren. 1491n Ana II.a gero Karlos VIII.a izenaz Frantziako errege izango zenarekin eta 1498an Luis XII.arekin ezkondu zen hurrenez hurren. 1514an, Enrike II.ak Frantziako tronua eskuratu zuenean Bretainiako duke titulua desagertu eta ondoren Bretainia Frantziaren menpe gelditu zen. XVI-XVIII. m.: itsas eskualde garrantzitsu bilakatu zen. Arrantza-ontziak Islandia eta Ternuara irteten ziren Saint Malo eta Morlaix portuetatik eta kolonietarako merkataritza Nantestik bideratzen zen. Iraultza Frantsesaren garaian Bretainiak ez zuen Frantziako batasuna onartu. XX. m.: mugimendu abertzaleak indar handia hartu zuen. Breiz Atao alderdi abertzaleak naziei eskainitako laguntza, gogor zigortu zuen Frantziak gerora (1944). Gerra ondorengo urteetan, Frantziak diskriminazio politiko eta kulturala erabili zuen Bretainiako hizkuntza eta abertzaletasunaren aurka.




Atzera