Ravel

Konpositore lapurtarra (Ziburu, 1875 - Paris, 1937); aita suitzarra eta ama euskalduna zituen. Parisen bizi izan zen hiru urte zituenez geroztik. Parisko Kontserbatorioan, pianoa, harmonia eta konposizioa ikasi zituen. Pianorako, ahots eta pianorako, eta ganbarako konposizioak egin zituen (Habanera, 1895; Ispiluak, 1905); orkestrarako lanak musikatu zituen (Sheherezade, 1898; Rapsodia espainola, 1907); Erromako sarirako obrak (Myrrha, 1910), errusiar baletarentzako Dafnis eta Kloe baletaren musika (1912) eta beste hainbat lan prestatu zituen. Lehen Mundu-Gerraren ondoren, orkestra-zuzendari ibili zen munduan zehar. 1925ean Haurra eta Aztikeriak konposatu zuen, bere operarik ezagunena. Dena den, Ravelen obrarik ospetsuena Bolero da (1928), erritmoaren inguruan garatua. Euskal gaian oinarrituriko obra bat prestatzen ere hasi zen, baina ez zuen bukatu (Zazpirak Bat). Melodia leuneko eta oreka handiko musika konposatu zuen, guztiz zehatz egituratua eta ukitu exotikokoa. Afasiak jota, 1933az geroztik ez zuen musikarik idatzi.



Atzera