bagauda

iz. (pl.) II. m.tik V. mendera jauntxo handien eta Erromatar inperioaren aurka altxatu ziren Galia eta Hispaniako probintzia erromatarretako nekazari-taldeak. Bagauden matxinada nagusia V. m.aren lehen partean izan zen, Euskal Herriko lurraldeetan.
Latifundisten gehiegikerien eta agintari erromatarrek ezarritako zergak ordaintzearen aurka asaldatu ziren nekazariak, baina ez zuten arrakastarik izan eta altxamendu bakoitzean zapaldu egin zituzten. Baskoien lurraldeetan gertatu ziren bereziki bagauden altxamenduak: Pirinioen bi aldeetako Euskal Herrian urte askotan iraun zuen matxinadak, 269. urtean hasi eta 285ean Diokleziano enperadoreak amaiera eman zion arte. Bagauden matxinada nagusia V. mendearen lehen partean izan zen, Euskal Herriko lurraldeetan (iparraldean nahiz hegoaldean). Erromatar inperioa gainbehera zetorren aipatu mendean eta bisigodoen presioa gogortuz; aldi berean egonezin soziala areagotu egin zen; euskaldunak beren askatasunaren alde borrokatu ziren. Asturio jeneral erromatarraren aurka 441ean borrokatu ondoren, 443an Merobaudes-en tropa erromatarren aurka galdu zuten bagaudek Aracaelin (Arakil haraneko Uharten). Ondoko urteetan militar erromatar (Basilio jenerala) nahiz bisigodoekin (Teodoriko II.aren tropekin) borrokan jarraitu behar izan zuten, 456rarte.




Atzera