balbula

iz. 1. Likido, gas, elektroi-korronte eta, oro har, zernahi fluidoren emaria erregulatzeko edo kanalizazioan barrena fluidoari norantza batean iragaten uzteko eta kontrakoan ez uzteko gailua. Fluidoaren iraganbidea guztiz ala partez itxiz egiten du lan. Segurtasun-balbula. 2. ANAT. Likidoak atzera isuri ez daitezen organismoko hodietako mintz-tolesa (gorputzaren balbula garrantzitsuenak bihotzean daude: balbula trikuspideak bihotzaren eskuin-barrunbeak, aurikula eta bentrikulua, bereizten ditu, eta balbula mitralak, ezkerrekoak). 3. ELEKTRON. Korronte elektrikoari norantza bakarrean iragaten uzteko gailua (eskuarki huts-balbula edo -hodi termoionikoei esaten zaie). 4. MUS. Eskala kromatikoko nota guztiak jo ahal izateko metalen taldeko haize-instrumentuetako mekanismoa, tutu-luzera desberdinak lortzea ahalbidetzen duena.
Fluidoen iragatea eten, erregulatu edo galarazteko ezartzen dira balbulak kanalizazioetan eta mekanismo automatiko askoren oinarria dira. Lurrin-galdaretan eta gasa presiopean daukaten ontzietan segurtasun-balbulak erabiltzen dira ontziak leherketaren aurka babesteko. Kontrapisu edo malguki baten bidez ontziaren irekiune bat ixten duten tapoiak dira. Ontziaren presioa gehiegizkoa denean, presioak tapoia altxarazi egiten du eta fluidoak bertatik ihes egiten du ontzia lehertu baino lehen.
Kanalizazioetan balbula-mota ugari erabiltzen da: asentu-balbulek tapoi konikoa dute eta fluidoaren norabide berean higitzen dira, fluidoaren iraganbidea den tapoi-etxea, asentua alegia, itxiz edo irekiz. Bola-balbuletan asentuak profil esferikoa du eta bertan egokitzen da tapoi esferikoa. Ataka-balbuletan atakak zeharka ebakitzen du fluidoa iraganbidea ixteko.
Flotagailu-balbulak automatikoak dira. Ontzian barrena likidoaren maila igotzean berarekin batera igotzen den flotagailuak likidoaren sarbidea itxi egiten du eta ez du atzera irekitzen likidoaren maila ontzian berriro jaitsi arte. Horrelakoak erabiltzen dira adibidez komunetako ur-tangetan eta automobiletako karburadoreetan. Elektrobalbulak elektroimanez eraginda daude eta urrutitik itxi eta ireki daitezke etengailu batez.
Eztanda-motoreetako zilindroetan sarrera- eta ihes-balbulak daude, motoreak berak eraginda espeka-ardatzaren bidez. Enboloa zilindroan barrena behera doala, sarrera-balbula ireki egiten da eta karburadoreko gas-nahastea zurgatu egiten du zilindroak. Eztandaren ondoren, enboloa gora abiatzen denean ihes-balbula ireki egiten da erretako gasak kanporatzeko.




Atzera