kolonialismo

iz. 1. Lurralde bat, atzerriko estatu batek menperatzea, politikoki gobernatzea eta ekonomikoki ustiatzea bidezkotzat jotzen duen doktrina. 2. Kolonien bidezko menperakuntza-sistema.

Kolonialismoa

XV. mendearen hondarraz gero, aurkikuntza geografikoekin batera munduko mapa zabaldu egin zen. Ordundanik, europarrak beste
kontinenteez interesatzen hasi ziren, lurralde birjinak eta aberastasun ezezagunak baizituzten hauek. Lau mende iraun zuen kolonizazioaren
hasiera izan zen eta ia mundu osoa Europaren mendean jarri zuena.
Lurralde berrietako baliabide naturalak ustiatzea (kafea, kakaoa, azukrea, kotoia, meatzak, etab.), nazio kolonizatzaileen lehia
espantsionista eta Kontrarreformak bideratu zuen izpiritu misiolaria erabakiorrak izan ziren kolonizatze-prozesuan. Gerora, batez ere
industrializazioaren garaian hasita, kolonietako lehengaien beharra izan zen nagusi. Nazio kolonizatzaile aitzindarien artean Espainia (Ertamerika
eta Hegoamerika), Portugal (Brasil), Britainia Handia eta Frantzia (Iparramerika) nabarmentzen dira. Ameriketako koloniak
askatasuna lortu zutenean, beste kontinente guztiak helburu komertzial eta politikoekin esploratu zituzten, Asia eta Afrika batez ere.
Espainia eta Portugalek XV. eta XVI. mendeetan ekin zioten kolonizazioari hurrenez hurren. Denborarekin, Portugalen botere-eremua
Brasildik India, Indonesiako Espezieen irlak eta Asiako kostaldeetaraino hedatu zen. Espainiar konkistatzaileek Amerikako oso lurralde
zabalak okupatu zituzten, bide batez beren hizkuntza eta kultura txertatuz.
XVII. mendean Herbehereek bota egin zituzten portugesak Indonesiatik. Frantses eta ingelesek, elkarrekiko lehian, Iparramerikan eta
Indian kokatu zituzten beren jabegoak. Lehia askoren ondoren, potentzia kolonial handiena izatera iritsi zen Britainia Handia XVIII. mendean
eta, itsasoko nagusitasunarekin, bere inperio koloniala kontinente guztietara hedatu zuen. Amerikako Estatu Batuen independentziaz gero,
britainiarren indar koloniala gainbehera hasi zen eta, poliki-poliki, lehenago britainiar koloniak izan eta gaur herrialde autonomo eta
independenteak direnek Commonwealth elkartea sortu zuten.
Frantsesek Asiaren HE-ra eta Afrikaren I eta M-ra jo zuten; hau izan zen Europako potentzia handiek beraien artean banatu zuten azken
kontinentea. I. Mundu-Gerraren aurreko hamarkadetan, Alemania ere saiatu zen Afrikako lurralde eta aberastasunak ustiatzen. Errusiak ere
hartu zuen parte kolonizazioan eta ekialdera zabaldu zuen bere inperioa, Uraletatik Ozeano Bareraino.




Atzera