maia
iz. eta izond. K.a. 1500. urtearen inguruan Mexikoko Yucatánen, Guatemalan eta Belizen finkatu zen herri bateko kidea. Maia-kitxe taldeko hizkuntzaz hitz egiten dute; herri horri dagokiona.
Amerikako zibilizazio garrantzitsuenetakoa garatu zuten maiek, 2.000 urte iraun zuena. Oso gizarte hierarkizatua antolatu zuten, hiri-estatuez osatua eta sistema teokratikoan oinarritua. Nekazaritza zen jarduera nagusia, artoa eta indibaba bereziki. Oso arkitektura garatua zuten, eta harrizko tenpluak, piramideak, jauregiak eta plazak (pilota-kantxak) eraiki zituzten. Bi milioi biztanle izatera heldu ziren berrogei bat hiritan, nagusiak Uaxactún, Copán, Bonampak eta Palenque. Maien aldian hiru aro nagusitu ziren: aurreklasikoa (K.a. 2000 - K.o. 250); klasikoa edo Inperio Zaharra (250-290); eta postklasikoa edo Inperio Berria (950-1500). Bigarrena izan zen zibilizazio honen urrezko aroa, eta aritmetika, idazkera hieroglifikoa eta 365 eguneko eguzki-egutegia (18 hilabete, 20 eta 5 egun berezitan banatua) izan ziren kasta erlijiosoaren ekarpen nagusiak. Arteari dagokionez, aipagarria da arkitekturaren eta piramideen garapena eta hilobietan pinturaz eta eskulturaz egindako dekorazioarena (Copán, Palenque, Bonampak, etab.). Postklasikoan, maien zibilizazioak gainbehera egin zuen. Hala ere, Yucatánen, eta tolteken eraginari esker, irudi geometrikoak nagusi zituen pizkundearen garaia ezagutu zuten (Chichén Itzá, Mayapán). Hieroglifikoen bidez idazten zuten, eta hauek ulertu ahala jakin izan da zibilizazio honen anitz datu harrigarri: zero zenbakiaren erabilera, Artizarra eta Ilargiaren kokapena, eklipseak iragartzeko taulak, etab.
Atzera