orratz 1
iz. 1. Barratxo guztiz mehea, gehienetan altzairuzkoa, mutur batean puntan bukatzen dena eta bestean haria, lokarria, etab. sartzeko begi bat duena eta josteko, birjosteko, ehuntzeko, etab. erabiltzen dena. 2. Orratz buruduna, iskilinba. 3. Puntua, etab. egiteko erabiltzen den metalezko edo beste hainbat materialezko barratxo luze eta puntaduna. 4. Oro har, forma berdintsua duen eta funtzio desberdinetarako erabiltzen den gauza, pieza edo tresna (adib., iparrorratza, erlojuaren orratza, orratz adierazlea, akupunturako orratza). 5. Zenbait mendi-tontor altu eta zorrotzi ematen zaion izena. Ansabereko orratza. 6. Trenbide-aldaketa egiteko gurutze edo lotunetan gurpilak gidatzen dituen erreietako bakoitza. 7. ALBAIT. Zaldiaren gaixotasuna, hanka, lepo eta eztarrian eragiten duena. 8. ARMAG. Hainbat su-armatan, fulminantea kolpatuz lehertarazten duen altzairuzko ziria. 9. BOT. Hosto luze eta oso estua, pinu, izei, etab.ek dituztenen modukoa. 10. ERAIK. Zenbait dorre eta teilatutan jartzen den erremate estu eta altua. • orratz hipodermiko. MED. Diametro txikiko tutua, mutur batean puntan bukatzen dena, xiringaren muturrean jarrita medikamentuak injektatzeko erabiltzen dena.
Atzera