pastoral
1. iz. Zuberoako herri-antzerkia, herriko plazan antzeztu ohi dena. 2. izond. ERL. Prelatuei, elizako ministroei, apezpikuei dagokiena. Ekintza pastorala. 3. iz. LIT. Artzain-giroko gaiez diharduen drama; pertsonaiak artzainak izan ohi dira. 4. iz. MUS. Artzain-giroa lantzen duen testu edo melodian oinarrituriko pieza musikala. • gutun pastoral. ERL. Prelatu batek bere eliztarrei zuzendurik egiten duen idazkia.
Pastoralek Erdi Aroko misterioetan dute jatorria. Europan zabaldurik zegoen erlijiozko antzerki-mota hau XVI. m.an itzaltzen hasi zen, baina hainbat lekutan, hiriguneetatik urrun zeuden herrietan bereziki, luzaz iraun zuen. Euskal Herrira noiz heldu eta gaur egun pastoral izena duen antzerki-mota hau noiz hasi zen antzezten ez da zehatz jakin oraino. Eskuizkribu zaharrena XVIII. m.aren erdialdekoa da eta pentsatzekoa da, beraz, lehendik hasiak zirela zuberotarrak pastoralak jokatzen. Denborak zenbait aldaketa ekarri ditu, baina oro har Erdi Aroko misterioen teknika ia aldaketarik gabe gorde da: ez dago ez ekintzen ez eszenen banaketarik, ez dute leku edo denboraren batasunik, tragedia eta komedia etengabe nahasten dira eta hasieratik amaieraraino historiako pasarte bat edo pertsonaia historiko baten bizitza kontatzen da aurkezpeneko lehen predikuaren eta agurreko azken predikuaren artean (pheredikiak). Bestetik, herritarrek herriko plazan eta jai-giroan egindako ikuskizuna da, antzezle profesionalik gabea. Antzezleen buru errejenta dago, zuzendaria. Aktoreak, berriz, talde bitan daude banatuta, "onak" eta "gaiztoak" (khirixtiak eta türkak), nork bere ate berezitik sartu eta irten behar dutenak. Pastoralak, ordea, garatu egin dira denboraren buruan, eta antzina iraun ohi zuten hiruzpalau egunak hiru-lau bat ordura mugatzen dira gaur egun. Jokalekua ere bakandu egin da, lehen bi eta hiru eszenatokitan antzeztu ohi baitzen. Bibliako eta Frantziako historiako pertsonaien bizitza baizik ez zen ematen pastoraletan, baina XX. m.an Euskal Herriaren historiako pertsonaien bizitzak hasi ziren antzezten (Etxahun, Matalas, Iparragirre, Xalbador, Agirre). Antzezleak denak gizonezkoak ala denak emakumezkoak izan behar zuten, baina 1980tik aurrera gizonezkoek eta emakumezkoek nahasian antzezten dute.
Atzera