Ingalaterra
(England). Europako herrialdea, Britainia Handiko uhartearen H-an. Mugak: I-an Eskozia; M-an Irlandako itsasoa, San Jorje kanala eta Gales; H-an Mancheko kanala; E-an Ipar Itsasoa. Muino leunak dira paisaje tipikoa. Alabaina, iparmendebaldea menditsuagoa da. Klima ozeaniko euritsua du. Iparraldea, hegoaldea baino hezeagoa da eta eguzki-ordu gutxiago ditu. Industri iraultzaren sorlekua da; beraz, oso industrializatuta dago eta oso dibertsifikatuta: siderurgia, kimika, ehungintza, ontziolak, petrokimika, mekanika, aeronautika, etab. Energi baliabideak (ikatza eta gas naturala) ere baditu. Hala ere, hirugarren sektorea da garatuena: langileen % 60 hartzen du. Nekazaritza eta abeltzaintzak populazio aktiboaren % 2 baino ez dute hartzen, baina oso mekanizatuta daude eta produktibitate handikoak dira. Arrantzak ere pisua du Ingalaterraren ekonomian, nahiz eta 1960ko hamarkadaz gero beherantz egin.
Historia. III. milurtean populaturik zegoen jada. Gure aroa hasi aurretik zeltek populatu zuten. 43-83: Erromak Britainia Handiko uhartearen hegoaldea, egungo Ingalaterra eta Gales, konkistatu zuen eta Britainia probintzia erromatarra osatu zuten. 407: erromatar legioek uhartea utzi eta kontinentera abiatu ziren, barbaroen kontra borrokatzera. V. m.: anglosaxoiek konkistatu zuten eta britoiak asimilatu zituzten. VII-VIII. m.: anglosaxoiak erresuma txikitan banatu ziren, heptarkia izenekoa osatuz. 795: eskandinaviarren inbasioak hasi ziren, XI. m.aren hasierara arte iraun zutenak. 825: Wessexko errege Egbertok heptarkia batu egin zuen. 1016-42: Danimarkako Kanuto Handiak Ingalaterra konkistatu zuen eta bere inperioara bildu zuen. 1042-66: Eduardo Aitorleak dinastia anglosaxoia berrezarri zuen. 1066: Gilermok, Normandiako dukeak, Harold II.a Ingalaterrakoa garaitu eta koroa eskuratu zuen. 1154: Enrike II.ak Plantagenet dinastia sortu zuen. Gales eta Irlanda konkistatzeari ekin zion. 1189-99: Frantziak Rikardo Lehoibihotzaren kontrako matxinadak bultzatu zituen. 1199-1216: Joan Lurgabeak kontinenteko lurrak galdu zituen. 1216-72: Enrike III.aren erregealdian nobleziaren indarra areagotu egin zen. 1282-84: Eduardo I.ak Gales konkistatu zuen. 1327-37: Eduardo III.ak Frantziako koroa eskuratu nahi izateak eta bi erresumen artean Akitanian zeuden gatazkek Ehun Urteko gerra (1337-1453) piztu zuten. 1377-99: Rikardo II.aren erregealdian nekazari-matxinada, izurria, irlandarren errebolta eta Wycliffe-ren heresia gertatu ziren. 1399: Enrike IV.ak, lehen lancastertarrak, Rikardo II.ari koroa kendu zion. 1413-22: Enrike V.ak Frantziaren erdia konkistatu zuen eta Frantziako koroako jaraunsle gisa onartu zuten. 1422-61: Enrike VI.ak, nahiz eta Frantziako errege koroatua izan, kontinenteko lur guztiak galdu zituen. York-eko etxekoek lancastertarrek koroa izateko eskubidea ez zuten onartu eta ondorioz Bi Larrosen gerra piztu zen (1450-85). 1475: Ehun Urteko gerra bukatu ondoren, Calais ingurua baino ez zuen Ingalaterrak kontinentean. 1485: Enrike VII.ak Tudor dinastiari eman zion hasiera. 1509-47: Enrike VIII.ak Erromarekin hautsi zuen eta Eliza anglikanoaren buru izendatu zuen bere burua (1534). 1541: Enrike VIII.ak Irlandako errege izendatu zuen bere burua. 1547-53: protestantismoa Eduardo VI.aren garaian zabaldu zen. 1553-58: Maria I.aren erregealdian katolizismoak iraun zuen, baina Isabel I.aren erregealdian (1558-1603) protestantismoa behin-betiko sendotu zen. 1588: Gaztelako koroaren Itsas Armada Garaitezina suntsitu ondoren, Ingalaterraren itsas nagusitasuna areagotu egin zen. 1603: Jakobo Estuardok, Eskoziako erregeak, Ingalaterrako koroa jarauntsi zuen. 1707: Ingalaterra eta Eskoziako koroek bat egin zuten (XVII. m.tik aurrerako historiarako, Ik. Erresuma Batua).
Atzera