Gales

(Cymru). Europako herrialdea, Britainia Handiko uharteko M-an; 20.768 km2 eta 2.900.000 bizt. Hiriburua Cardiff. Mugak: I-an Irlandako itsasoa; M-an San Jorje kanala; H-an Bristolgo kanala eta Severn ibaia eta E-an Ingalaterra. Erliebe malkartsua du; IM-an, Snowdon mazizoan, dago mendirik altuena (1.085 m). Klima oso hezea da. Industria (siderurgia, petrolio-errefinategiak eta galvanizatuak) da ekonomiaren oinarria eta H-ko kostaldean metatuta dago (Swansea, Cardiff, Newport); ondorioz, populazioaren % 75 H-an bizi da. Ikatz-meatzaritzak garrantzi handia izan du, baina galtzen ari da egunez egun. I-an eta erdialdean basogintza, abelazkuntza (ardi-aziendak) eta artisautza dira nagusi. Populazioaren % 20 inguruk galeseraz egiten du.
Historia. Erromatarrek lurraldea konkistatu (K.o. 100-400) eta mineral-baliabideak ustiatu zituzten; erromatartzea ez zen sakona izan. V-VII. m.: eskualdea erresuma txikitan banatu eta kristautasuna sendotzen hasi zen kostaldeko kolonia irlandarren eraginez. 844-77: Rhodri Mawr Handia herria bateratzen saiatu zen. Gauza bera egin zuten Hywel Dda Onberak (910-50) eta Gruffydd ap Llewelyn-ek (1039-63), baina huts egin zuten. Anglosaxoi eta eskandinaviarren kolonizazioa geraraztea lortu zuten. 1093-1165 bitartean normandiarrek Galesko hegoaldea inbaditu eta bertan finkatu ziren. 1194-1240: Llewelyn ap Iorwerth erregeak galestarren batasuna lortu zuen. 1246-82: haren ilobak, Llewelyn ap Gruffydd-ek, gailurrera eraman zuen Gales. 1282-84: Ingalaterrako Eduardo I.ak Gales konkistatu zuen; bere seme nagusiak Galesko printzea titulua eskuratu zuen (1301). XIII-XIV. m.: ingelesen kontrako matxinadak. 1536 eta 1543ko Batasun-akten ondorioz, Gales betirako Ingalaterrarekin lotuta gelditu zen. 1588: Biblia galeseraz argitaratzeak berpizkunde erlijiosoa ekarri zion Galesko kulturari, XVIII. m.an gailurrera iritsi zena. XX. m.aren hasieran abertzaletasun galestarra berpiztu egin zen Plaid Cymru alderdia abertzalearen bidez eta 70.eko hamarkadan gorakada handia egin zen. Baina 1979ko erreferendumean ez zen lortu autonomi estatutua onartzerik. 1997: Legebiltzar autonomoa eratzeko erreferendumean % 50,1 lagunek parte hartu zuten, eta 6.700 botoen aldearekin, baiezkoaren aldekoek irabazi zuten.




Atzera