amnistia
iz. ZUZ. Botere publikoak, arrazoi politikoengatik, erantzukizun penala iraungitzea, zigorra eta honen efektuak suntsiaraziz.
Amnistia ez da delituren batengatik ezarritako zigorrak barkatzea; nolabait delitutzat hartuak zeuden ekintzak ez-delitutzat aitortzea, eta zigorra hartua zutenak errugabetzat aldarrikatzea da. Amnistiak zentzu politikoa du, eta arrazoi politikoengatik eman ohi da; amnistiaren azpiko filosofian dago, zigorpean zeuden ekintzen azpiko arrazoi politikoak arrazoizkotzat eta zigorturiko ekintzak nolabait zilegitzat ezagutzea. Horregatik amnistia orokorrak egoera legal eta joko politiko berrira sartzea adierazten du, eta talde politikoen indar-erlazio berria normalean.
Lege-ekintza izan ohi da amnistiarena, aurretik ezarritako beste legeren bat edo legeren batzuk indarrik gabe uztera etorri ohi da, amnistiatzen diren ekintzei dagokienez behintzat; normalean taldearen aldekoa izaten da, eta norbanakoaren aldekoa.
Antzinako judaismoaren jubileu-urtearen eta horri lotuta zegoen amnistiaren erakunde sozial-erlijiozko-juridikoa hartu izan da nolabaiteko eredu idealtzat, amnistiaren zentzu soziala interpretatzeko. Lebitikoa liburuaren XXV. kapituluaren arabera, berrogeita hamarretik behingo urtean jopuei askatasuna eman behar zitzaien eta alorrak lehengo jabeei itzuli behar zitzaizkien; era berean hartzekodunei zorrak barkatu behar zitzaizkien eta abereei atsedena eman urte horretan.
Espainian, Franco hil ondoren, bi amnisti lege (1976an eta 1977an) eman zituzten. Zabalena 1977ko urrikoa izan zen; honen arabera, euskal preso politikoak ere kalera irten ziren.
Atzera