automatika
iz. Automatizazioaren zientzia eta teknika, prozesu automatikoen sorkuntza eta erabilerarekin lotutako alor teoriko eta teknologikoak aztertzen dituena.
Zibernetikaren alderdi teknikoari dagokio automatika eta informatika, matematika eta industri teknikei estuki lotuta dago. Automatika teorikoak sistema automatikoen eta hauen elementuen sintesi eta analisirako prozedura matematikoak aztertzen ditu eta automatika aplikatuak automatizazioaren arazo praktikoak aztertzen ditu. Horretarako ordenadore, anplifikadore, eragingailu eta kaptadoreen teknologia erabiltzen du. Oro har, sistema automatikoak kaptadoreen bidez informazioa jaso, ordenatu eta programa baten arabera egituratutako aginduak bidaltzen ditu eragingailuetara. Zenbait automatismok programa kronometrikoa dute (arropa garbitzeko makinetan adibidez) eta zikloak automatikoak dira. Horrelakoetan egoerari buruzko informazioa segurtasunerako baino ez da erabiltzen, arrisku-egoerarik agertuz gero makina gerarazteko.
Sekuentzi automatismoetan (igogailuetan adibidez) kaptadoreek informazioa jaso eta arau logikoen multzo baten arabera jositako operazio-segida bat agintzen du programak. Horrelakoak dira industri automatismo gehienak.
Sistema automatiko lagunduetan sistemaren egoeraren berri jakiteko hainbat neurketa egiten dira eta eragingailuei bidalitako energia mailakatu egiten da neurketen balioen emaitzen eta idealtzat ezarritako balioen arteko desbideraketen arabera. Beraz, gobernu-sistemak egoera errealaren eta egoera idealaren arteko desbideraketaren balioa zerora eramatera jotzen du etengabe. Hori lortzeko erreguladoreak eta serbomekanismoak erabiltzen dira. Magnitude baten aldez aurretik ezarritako balio jakin bat konstante mantentzeko erabiltzen dira erreguladoreak. Irteerako magnitudeak sarrerako magnitudearen balioaren gorabeherei ahalik eta zehatzen segi diezaien balio dute serbomekanismoek.
Goi-mailako sistema automatikoetan desbideraketak zuzentzeaz gainera, sistemak berak bere burua doitu egiten du kanpo-baldintzak aldatzen direnean zuzen funtzionatzen segitu ahal izateko. Azkenik, programa informatiko konplexuen bidez, informazioa tratatzeko programa funtzionamenduan ari dela landu eta hobetu egin daiteke sistema autodidaktiko direlakoetan. Horrelakoak erabiltzen dira adibidez, ahotsa eta idazkera automatikoki ezagutzeko aplikazio informatikoetan.
Atzera