eragozpen

iz. Zerbait burutzeko zailtasuna, oztopoa edota traba. Eragozpenak izango ditu dena ulertzeko. • aitzinatzeko eragozpen. FIS. Fluidoak bere baitan higitzen den gorputzaren kontra egiten duen indarra. || kontzientzi(azko) eragozpen. Gerra-kasuan armarik ez hartzeko eta bake-garaian soldadutzara ez joateko jarrera hartzea.
FIS. Aitzinatzeko erresistentzia hainbat faktoreren menpe dago. Honakoak dira: gorputzaren forma eta bere gainazalaren zimurtasuna, higiduraren abiadura, fluidoaren biskositatea eta dentsitatea eta gorputzaren eraso-angelua. Faktore horiek kontuan harturik kalkulatzen da higikariaren aitzinapen-koefizientea. Aeronautikan, aireak bere baitan hegan doan gorputzari eragiten dion indarra da aitzinatzeko eragozpena. Gorputzaren abiaduraren karratuarekiko proportzionala da eta hegoaren eraso-angeluaren eta hegazkinaren formaren arabera ere aldatzen da. Hegan doala, aitzinatzeko eragozpenaren eta euste-indarraren arteko erlazioak zertzen du hegazkinaren oreka dinamikoa.
Ibilgailuetan, aireak eragiten duen indarraren eta errodatzeko eragozpenaren batura da aitzinatzeko eragozpena. Errodatzeko eragozpena marruskadura-indarrek (zoruaren eta pneumatikoen artekoa eta ibilgailuaren transmisio-mekanismoetakoa) eragiten dute. Dena den, ibilgailuetan, hegazkinetan bezala, airearen eragozpena da garrantzitsuena.




Atzera