fosforo

iz. KIM. Zenbaki atomikoa 15 eta pisu atomikoa 30,97 duen elementu kimikoa (P). Sistema periodikoaren V. taldeko ez-metala da.
Fosforoak hiru forma alotropiko nagusi ditu: fosforo zuria, gorria eta beltza. Fosforo zuria, solido zeharrargitsua da, kolore zuri-horixka duena. Alfa forman egonkorra da tenperatura arruntean eta beta forman -78 ºC-tik beherako tenperaturetan. Fosforo zuria argizariaren antzeko substantzia da, oso toxikoa eta erraz su hartzen duena. Ilunetan airearekin kontaktuan jarriz gero argi berdexka igortzen du eta ke zuria. Berez har dezake su eta hori galarazteko urez betetako ontzietan gordetzen da. Bonba su-eragileak eta arratoien kontrako botikak prestatzeko erabili ohi da.
Fosforo gorria zuria baino egonkorragoa da eta ontzi itxi batean fosforo zuria 250 ºC-tara berotuta lor daiteke. Ez da fosforeszentea eta ez du espontaneoki su hartzen airearekin kontaktuan. Pospolo-buruak eta bala markatzaileak egiteko eta piroteknian erabili ohi da.
Fosforo gorria 300 ºC inguru berotuz gero zenbait egunez, fosforo beltza lortzen da. Berau da forma egonkorrena. Grafitoaren antzeko solido beltza da, zenbait propietate metaliko duena.
Merkataritzan, fosfato forman erabiltzen da fosforo gehiena, batik bat, ongarri, garbiketarako produktu eta hortzoreak egiteko.
Fosforoa bizi-forma guztietan agertzen da, oinarrizko elementua baita jarduera metabolikoen eta fotosintesiaren erreakzio kimikoetan. Gainera hezurretako eta geneetako ADNaren osagai garrantzitsua da.




Atzera