galaxia
iz. ASTRON. Izarrez eta izarrarteko hauts eta gasez osatutako multzoa, bere kohesioa grabitate-indarrek bermatua duena.
Ezagutzen dugun unibertsoaren zatian galaxiak dira multzorik konplexuenak. XVIII. mendearen erdialdera arte, galaxien barneko izarrak ikusteko adinako bereizmeneko teleskopiorik ez zegoen; horregatik nebulosa izena eman zitzaien hasieran. Gerora, galaxiak eta nebulosak bereizi ahal izan ziren: galaxiak izar- eta bestelako argizagi-multzoak dira; nebulosak berriz, metatutako gas eta hautsez osatuta daude eta ez dute izarrik. Lurretik beha daitezkeen nebulosa gehienak Esne-Bidean daude, gure galaxian alegia.
Kanpo-itxuraren arabera, hiru talde nagusitan sailkatu ohi dira galaxiak (Hubble astronomoaren sailkapena):
Eliptikoak (E). Elipse-forma dute, besorik eta irtengunerik gabe. Nagusiki, oso beroak ez diren izar zaharrez, izar nano gorriez, osatuta daude. Elipsearen eszentrikotasunaren arabera, 0tik (globo-itxurakoa) 7ra (disko zapalaren itxurakoa) bitarteko zenbaki batez sailkatzen dira. Galaxia-motarik zaharrena da.
Kiribilak. Gune zentral bat dute eta hortik beso kiribilak irteten dira. Nagusiki, izar urdinez -oso beroez- osatuta daude. Galaxia-motarik ohizkoena da. Bi azpisail daude: kiribil arruntek (S) globo-itxurako nukleoa dute eta nukleoaren tamaina erlatiboaren arabera (besoekiko), hiru mota bereizten dira: a (txikia), b (erdi-mailakoa) eta c handia. Adibidez, Andromeda Sb mailakoa da; Esne-Bidea ere -gure galaxia- horrelakoa da eta Eguzkia haren besoetako batean dago. Kiribil barradunek (SB) ere nukleoa dute, baina nukleoa zeharkatzen duen barra distiratsuaren itxurako lerro bat dute eta beso kiribilak nukleotik ez eta barraren bi muturretatik irteten dira. Hauetan ere, a, b eta c motak bereizten dira nukleoaren tamainaren arabera.
Irregularrak (I). Aurreko bi taldeetan sartzen ez diren gainerakoak dira. Txikiak dira eta ez oso argitsuak.
Atzera