nazionalizazio
iz. Nazionalizatzeko ekintza eta horren ondorioa.
Nazionalizazio hitzak lehen pribatuak izandako jarduera ekonomikoetan estatuak izan dezakeen eskuhartze-maila ezberdinak adierazten ditu. Eskuhartze hori estatuko aparatuak erabateko zuzendaritza eta kontrola izatetik, enpresaren kudeaketan langileekin batera parte hartzerainokoa izan daiteke. Nolanahi ere, jardueraren zein kudeaketaren emaitzen titulartasuna estatuari dagokio, bere agintea udalerri-, eskualde- edo nazio-mailakoa izanik. Nazionalizazioa estatu bateko jarduera ekonomiko gehienetara edota bakan batzuetara soilik irits daiteke. Lehenengo kasua sistema ekonomiko sozialistei dagokie, izan ere, produkzio-bideen jabetza kolektiboa izatea da horien ezaugarri nagusia. Bigarrena berriz, merkatu-ekonomia duten herrialdeetan ematen da; kasu hauetan defentsarako arrazoi estrategikoak edota politika ekonomiko interbentzionistak direla medio, estatuak zenbait sektore edo jarduera ekonomiko bereak egiten ditu. Kasuotan, aurrekoetan ez bezala, jabeek kalteordainak jasotzen dituzte ondasunen titulartasuna galtzen dutelako. Hala ere, gehienetan, estatuaren eskuhartzea sektore publikoa zabalduz lortu da, eta ez nazionalizazio-prozesuen ostean.
Atzera