neurobegetatibo

izond. ANAT. Bizitza begetatiboa kontrolatzen duen nerbio-sistemaren atala. Ardatz zerebroespinalari lotutako gongoil eta nerbioek osatzen dute, eta bertan bi sistema bereizten dira: sistema sinpatikoa eta sistema parasinpatikoa.
Sistema neurobegetatiboa ardatz zerebroespinalari lotutako gongoil eta nerbioek osatzen dute, eta bertan bi sistema bereizten dira: sistema sinpatikoa eta sistema parasinpatikoa. Bi sistema horiek gorputz-organo berberak inerbatzen dituzte, berauetan eragiten dituzten efektuak ordea, kontrakoak dira.
Sistema sinpatikoa bizkarrezurrean zehar kokatutako bi gongoil-kateaz osatuta dago. Gongoil horiek bizkarrezur-muinari, beraien artean eta inerbatzen dituzten organoei lotuta daude. Sistema sinpatikoko nerbio-zuntzek adrenalina jariatzen dute inerbatzen dituzten organoetan, eta, ondorioz, bihotz-erritmoa azkartu, odol-basoak uzkurtu, bronkioak zein begi-niniak zabaldu, eta digestio-hodiaren mugimenduak eta jariaketa-prozesuak gelditu egiten dituzte.
Sistema parasinpatikoa nerbio pneumogastrikoek (bihotza, birikak, urdaila eta hesteak inerbatzen dituztenak) eta bizkarrezur-muinaren behealdetik irteten diren nerbio-zuntzek (ugal- eta gernu-organoak inerbatzen dituztenak) osatzen dute. Nerbio hauek azetilkolina jariatzen dute eta ondorioz, bihotzaren abiadura geldotu, odol-basoak zabaldu, bronkioak eta begi-niniak uzkurtu eta digestio-hodiaren mugimenduak eta jariaketa-prozesuak biziagotzen ditu.
Egoera normalean sistema sinpatikoa eta parasinpatikoa oreka-egoeran mantentzen dira. Sinpatikoa nagusitzen bada sinpatikotonia sortzen da, eta palpitazioak eta hipertentsioa agertu, mukosak lehortu eta digestio astirotzen dira. Parasinpatikoa bada nagusitzen dena bagotonia sortzen da eta bihotz-erritmoa geldotzen da, asko izerditzen da eta hesteen aktibitatea handiagotu egiten da. Gaitz horiek biak bata bestearen jarraian edo aldi berean gerta daitezke (distonia neurobegetatiboa).




Atzera