nuklear
izond. 1. Nukleoari dagokiona. 2. FIS. Atomoaren nukleoari, nukleoaren fisio zein nukleoen fusioaren ondorioz sortzen den energiari eta energia hauek erabiltzeko teknikei dagokiena. Fisika nuklearra. Energia nuklearra.
MIL. Bigarren Mundu-Gerraren ondorengo urteetan EEBBek armategi nuklearra egiteari ekin zioten. Jarraian beste estatu batzuek ere bide bertsutik jo zuten: SESBk 1950etik aurrera ekin zion, 1953az geroztik Britainia Handiak, 1962an Frantziak eta 1965aren ostean Txinak. Hauetaz gain, beste estatu batzuek ere egin zuten ahaleginik arma nuklearrez hornitzeko, India, Israel edo Hegoafrikar Errepublikak esaterako. Hori zela eta, arma nuklearrak ez ugaritzeko ituna sinatu zen (1970).
Arma nuklearren artean arma estrategikoak eta taktikoak bereizten dira. Helburu estrategikoak, gehienetan urrun daudenak, demografikoak, ekonomikoak eta militarrak izan ohi dira; arma estrategikoen irismena 5.500 km-tik gorakoa da. Helburu taktikoak berriz, militarrak izan ohi dira guztiz eta hurbilago daude; arma taktikoen irismena 500 km-tik beherakoa da.
Arma nuklear estrategikoak hegazkin bonbaketarien bidez jaurtitzen hasi ziren; geroztik sistemak aldatu egin dira eta misilak zulo edo urpekontzi nuklearretan kokatzen dira, edota itsasontzi, hegazkin edo lurretik jaurtitzen. Arma nuklear taktikoak jaurtitzeko hegazkinak, misilak eta artilleria erabiltzen dira. Eragin nahi den berarizko ondorioaren arabera, urpeko zein lurreko mina nuklearrak, neutroi-bonbak eta lur- edo hormigoi-geruza zeharkatu ostean lehertzen diren kargak aipa daitezke.
Atzera