sardiniera
iz. Sardinian hitz egiten den hizkuntza erromanikoa.
Fonetika- eta morfologi mailan latinaren ezaugarri ugari gorde ditu sardinierak, eta oro har, latin arruntetik gutxien urrundu den hizkuntza erromanikoa dela esan ohi da. Bestalde, hainbat herriren menpe egon da historian zehar Sardinia, eta ondorioz, lexiko-mailan hitz arrotz ugari hartu ditu maileguan sardinierak, hala nola greko, arabiera, katalan, gaztelania eta italieratik harturikoak. Aspaldiko tradizioa du idatzian, testu ofizialak sardinieraz idatzi izan baitziren XI. m.az geroztik. Hiru dialekto nagusi bereizten dira: iparraldeko gallurera eta sassariera (italieratik hurbilen daudenak, toskaneraren eraginez), erdialdeko logudorera (sardiniera kultutzat hartua eta herri-poesian erabilia) eta hegoaldeko campidanera. Zenbait hizkuntzalarik aipatzen dute sardinierak euskararen antzera jokatzen duela latinari harturiko hitzak bere erara moldatzerakoan, sistema bokalikoari dagokionez. Ez du ofizialtasunik lortu, italiera baita nagusi erakundeetan. Milioi bat hiztun ditu, sardiniarren % 80a.
Atzera