soziologia
iz. 1. Gizartearen, gizarte-erakundeen eta gizarte-harremanen azterketaz arduratzen den diziplina. 2. Gizartean duten eragina abiapuntutzat izanik, fenomeno erlijioso, ekonomiko, artistiko, etab.ez eginiko azterketa. Artearen soziologia.
A. Comte-k finkatu zuen soziologia hitza Filosofia Positiboaren Ikastaroa obran (1830-42) eta hainbaten ustez berarekin sortu zen zientzia bera ere diziplina autonomo gisa. Pertsonak giza taldeen baitan sartzeko ereduak, talde horien antolaketa-erak, talde horien arteko harreman-motak eta norbanakoaren portaeran duten eragina aztertzen du. E. Durkheim-ek Frantzian eta M. Weber-ek Alemanian giza talde batzuen (alderdi politiko, lan-talde, hiri- eta landa-populazio, etab.en) ezaugarri antropologikoei buruzko ekarmenak egin zituzten.
Soziologian ikuspegi desberdinak bereiz daitezke. Ikuspegi eboluzionistak gizarte-mota desberdinetan azaltzen diren aldaketa eta garapenen arauak bilatzen ditu, sekuentzia orokor batzuk aurkitzeko modurik ba ote dagoen ikusteko. Malthus eta Darwin-ek eragin handia izan zuten soziologo eboluzionistengan. Ikuspegi elkarrekintzaileak ez du bide ematen gizarteari buruzko teoria handietarako, izan ere, "gizartea", "estatua" eta "gizarte-erakundeak" abstrakzio kontzeptualak dira eta soilik pertsonak eta berauen elkarrekintzak azter daitezke zuzenean. Ikuspegi funtzionalistak gizartea talde-sarea bailitzan hartzen du, gizartea sistema iraunkor gisa biltzen baita orekaranzko joerarekin funtzionalisten arabera. Azterketa gatazkaren ikuspegitik egiten dutenek, azkenik, gizartea etengabeko gatazkan dagoela talde eta klaseen artean pentsatzen dute; eta klaseen indarrak eta talde dominatzaileek eusten diotela baturik gizarteari. Marxen obran oinarritzen dira batez ere ikuspegi hori landu duten soziologoak.
Atzera