zelta

iz. eta izond. K.a. I. milurtekoan Erromatar Inperiora arte, bereziki Europako erdialdean eta mendebaldean hedatu eta nagusitu ziren zenbait herri indoeuroparretako kidea; herri horiei dagokiena.
Badirudi zelten jatorrizko kokagunea Alemaniako hegomendebaldea izan zela, eta II. milurtekotik aurrera talde bereizi gisa agertu zirela. Lehen aztarnak K.a. 1200. urtekoak dira, Brontze-Aroaren amaierakoak hain zuzen, eta Burdin Aroaren lehen aldian (Hallstatt-eko kultura, K.a. VII-VI. m.) Europan hedatzen hasi ziren, Galian, Britainiar uharteetan eta Iberiar penintsulan sartuz. Hedapen handieneko garaia Burdin Aroaren bigarren aldian gertatu zen (La Tène-ko kultura, K.a. V-I. m.); Italian sartu ziren iparraldetik, eta Balkanak, Grezia eta Asia Txikiraino ere iritsi ziren. Tribuen arteko batasunik eza izan zen estatu egonkorrak ez osatzearen arrazoi nagusia. Eta antolakuntza hobea zuten herriek kanporatu egin zituzten beren lurraldeetatik. Galia, Iberiar penintsula eta Britainia, lehenik erromatarrek eta gero Europako erdialdetik etorri ziren tribu germaniarrek (K.a. III-I. m.) konkistatu zituzten.
Historialari erromatarren esanetan, gerlari adoretsuak ziren, baina antolatzaile eta administratzaile txarrak. Tribuetan bilduta bizi omen ziren eta nekazaritzan, arrantzan, ehizan eta noiz edo noiz abelazkuntzan jarduten zuten. Arma eraginkorrak eta burdina forjatuzko erremintak zituzten. Gizartean hiru maila bereizten ziren: aristokrazia militarra, druidak eta herria. Leinu bakoitzak bere buruzagia zuen eta buruzagi hori zen zegokion eskualdean nagusi. Druidak aholkulariak ziren, magia egiten zuten eta batez ere gazteak hezten zituzten; literatura, historia, zuzenbidea eta erlijioa gorde eta zaintzea zen beraien ardura. Hizkuntzaz gain, herri zeltak elkarlotzen zituen beste faktore bat erlijioa zen; animistak ziren eta druida nagusiak irmo gordetzen zituen erlijio-sekretuak.
Zeltek Europako mendebaldeko eskualdeetan hobeto gorde dituzte beren hizkuntza eta norbanako-ezaugarriak eta gaurdaino bizirik iraun duten kultura zeltikoaren aztarnak (hizkuntza, musika, etab.) herri horietakoak dira (Irlanda, Bretainia, Eskozia, Gales eta Galizia).




Atzera