Atenas.
Greziako hbru.; 772.072 bizt. Atika prob.ko hbru. eta Greziako primatu ortodoxoaren egoitza. Industrigune garrantzitsua (metalurgia, kimika, ehungintza, elikagaiak). Greziako merkataritza-, administrazio- eta finantza-gunea. Unibertsitatea. Turismoa. Monumentuak: Partenoia, Akropolia. Museoak. Lehenengo biztanleak K.a. 3000. inguruan kokatu ziren Akropolian. K.a. X. m. baino lehen hasi zen hiria eratzen. Atikako populazioa hamabi hiritan antolatu zen eta Atenas eskualdeko hiri nagusi bilakatu. Atikako monarkia ahuldu zenean, K.a. VIII. m.az geroztik, eupatridek gobernatu zuten hiria arkonteen bidez. Solon-ek berrantolatu ondoren (K.a. 594), Pisistratok eman zion ospea (K.a. 560-527). Klistenes-en agindupean instituzio demokratikoak garatu ziren (K.a. 507). Esparta eta biak Greziako hiri garrantzitsuenak izan ziren K.a. V. m.an: Atenas merkataritza-gunea (Pireo, Falero eta Munikiako portuak) eta hiri demokratikoa zen bitartean, Esparta hiri aristokratiko eta militarra zen. Mediar gerretan persiarrak garaitu ondoren (K.a. V. m.), Greziako hiri nagusi bilakatu zen. Delosko Ligaren sortzaile eta zuzendari izan zen. Perikles-en agindupean (K.a. 461-429) lortu zuen osperik gorena; garai horretakoak dira Partenoia, Fidiasen eskulturak eta Eskilo eta Sofokles-en obrak. Espartarekiko lehiak Peloponesoko gerra piztu zuen (K.a. 430-404). Gerra galdu eta Espartak ezarritako "Hogeitamar tiranoen" gobernua jasan behar izan zuen. Botere politikoa galdu zuen, ez ordea kultural eta artistikoa. Tebas-ek Esparta garaitu zuenean (K.a. 371), Atenasek burujabetasuna berreskuratu zuen. Oparoaldi ekonomiko eta intelektuala bizi izan zuen orduan: Platon, Aristotele eta Demostenes-en garaia izan zen. Filipo Mazedoniarrari aurre egin zion, baina Keronea hirian menperatua izan zen (K.a. 338) eta mazedoniarren menpe gelditu zen. K.a. II. m.an Erromak menperatu zuen, Grezia osoa bezala. Erromaren gorakadarekin itzalpean geratu bazen ere, hiriak ez zuen garrantzi sozial eta intelektuala galdu. 1204an gurtzatuek hartu zuten. 1456an turkiarrek hartu eta meskitak eraiki zituzten. Ia lau mendez Otomandar inperioaren menpe egon eta gero, Greziako independentzi gerraren ondoren Greziako hbru. bilakatu zen (1833).
Atzera