Eritrea

Afrikako E-ko estatua, Bab-al-Mandab itsasartetik gertu. Mugak: I-an eta E-an Itsaso Gorria; M-an Sudan; H-an Etiopia; HE-an Djibuti. Bi eskualde bereiz daitezke lurraldean: Itsaso Gorrira begira dagoen kostalde estu eta laua, eta IM-ko goi-lautada. Itsasertza aridoa da, bero handia eta oso euri gutxi egiten baitu. I-ko mendietan klima hotzagoa eta hezeagoa da eta artzain nomada musulmanak bizi dira. Ez dago ibai garrantzitsurik. Nekazaritza oso pobrea da. Kostaldean gatzagak daude. Mitsiwa eta Assab merkataritza-portu garrantzitsuak dira.
Historia. I-X. m.ak bitartean Eritrea Aksumgo erresumaren menpe egon zen. Ondorengo m.etan Etiopiako erresuma nagusiak saiatu ziren lurraldea menperatzen. XIX. m.an italiarrak iritsi eta 1890ean Italiako kolonia bilakatu zen. Bigarren Mundu-Gerran britainiarrek Eritrea inbaditu eta italiarrak egotzi egin zituzten (1941). Gerra ondoren britainiarrek administratu zuten. 1952: britainiarrek Etiopiari eman zioten eskualde federal autonomo moduan. 1960: Etiopiak estatuko prob. bihurtu zuten. Ondorioz mugimendu abertzaleak sortu ziren eta Etiopiaren aurkako gerrila-gerra hasi zen. 1974: gerrilak ia prob. erdia bereganatu zuen. 1977: Etiopiako armada Asmaran setiatuta egon zen. Kubak eta SESBk Etiopiari emandako laguntzari esker berreskuratu zuen honek Eritrea. 1987: Etiopiako gobernuak eskualde autonomo izendatu zuen. 1991: Etiopian gerra zibila lehertu zelarik, Eritreako Askapenerako Herri-Fronteak Asmara okupatu eta Eritreako behin-behineko gobernua eratu zuen. 1993: eritrearrek Etiopiatik bereiztea erabaki zuten erreferendumean, Eritreako estatu independentea aldarrikatu eta Isaias Afeuerki hautatu zuten lehendakari.




Atzera