Eslovakia

(Slovensko). Europako erdialdeko estatua. Mugak: I-an Polonia; H-an Hungaria eta Austria; E-an Ukraina; M-an Txekiar Errepublika. Eslovakia oso menditsua da, Mendebaldeko Karpatoek hartzen baitute estatuaren lurralde gehiena. I-tik hasita H-rantz, Tatra mendiak (Gerlachovka, 2.655 m) eta Eslovakiako Metal mendiak daude (Stolica, 1.480 m). Bi lautadak hausten dute erliebea: HM-an (Danubio, Vah eta Nitra ibai-sistemaren inguruan), eta HE-an (Ondava ibaiaren harroan). Klimak kontinentalerako joera du, baina M-an bereziki, eragin ozeanikoa du. Oro har, mendian gogorragoa da behe-lurretan baino. Eslovakiako industria Bigarren Mundu-Gerra ostean garatu da (metalurgia, zentral hidroelektrikoak eta industria kimikoa). Nekazaritza (zerealak, azukre-erremolatxa, patata, tabakoa, ekilorea), abeltzaintza eta basozaintza ere jarduera garrantzitsuak dira. Turismoa.
Historia. Iliriarren, zelten eta germaniarren ondoren, eslovakiarrak iritsi ziren (VI-VII. m.). IX. m.: Moravia Handiko lurralde izatera igaro zen, harik eta erresuma horrek gainbehera egin eta Hungariaren menpe geratu zen arte (XI. m.). 1526: otomandarrek Hungariako erresuma menperatu zutenean, hirutan zatitu zuten eta Eslovakia hartzen zuen zatia Habsburg-eko etxearen agintepean geratu zen. XVIII-XIX. m.: Eslovakiaren pizkunde nazionala. 1918: Austria-Hungariako inperioa desegin zen eta eslovakiarrek, Bohemia eta Moraviako txekiarrekin bat egin, eta Txekoslovakiako estatu independentea eratu zuten. 1939-44 bitartean, Eslovakia Alemaniaren menpe egon zen. 1945ean Eslovakia eta Txekiar Errepublika prob.ek Txekoslovakia eratu zuten berriro. 1969: Konstituzio berriarekin, Txekoslovakia bi errepublika federatuz osatuta geratu zen (Eslovakia eta Txekiar Errepublika). 1990: erregimen komunista desegin zen eta alderdi anitzeko demokrazia liberala antolatu zen Txekoslovakian. 1992: errepublikok bereizteko adostasuna erakutsi zuten hauteskundeetan eta Txekoslovakia erdibitu egin zen. 1993: Urteberri egunean Eslovakia estatu independentea jaio zen. Michael Kovac hautatu zuten lehendakari.




Atzera