Txekoslovakia

Europako erdialdeko estatu ohia, 1918an sortu eta 1993an desagertua. Praga izan zuen hbru.
Historia. Bohemiako eta Moraviako txekiarrek eta eslovakiarrek eratu zuten estatu berria. XIX. m.an sortu zen nazionalismo modernoa eta 1848ko iraultzaren garaian, estatu bakar batera biltzeko asmoa agertu zuten X. m.az gero bereizita bizi ziren txekiarrek eta eslovakiarrek. Lehen Mundu-Gerra bukatu ondoren, 1918ko urriaren 29an, sortu zen Txekoslovakiako estatua. 1919an Rutenia geratu zen haren barnean eta 1920an, Versailles, Saint-Germain eta Trianongo itunen ondoren, Alemania, Austria eta Hungariarekiko mugak zehaztu ziren. 1920tik aurrera, errepublika-molde zentralista bideratu zuten Txekoslovakian eta arazo handiak ekarri zituen horrek. 1938an, Municheko itunean, alemaniarren eskaerak onartu zituzten Frantziak, Britainia Handiak eta Italiak, eta III. Reicharen barruan geratu ziren germaniarrak nagusi ziren Txekoslovakiako lurraldeak. Gainera, Eslovakiak autonomia lortu zuen eta Hungariaren menpean geratu zen Rutenia. 1939an Bohemiako eta Moraviako protektoratua sortu eta Eslovakia, bere aldetik, estatu independente bihurtu zen. 1940an eratu zen Londresen erbesteko gobernua eta nazien aurkako erresistentzia antolatu zen. 1945ean sartu zen armada sobietarra Pragan eta berriro eratu zen Txekoslovakiako estatua, Ukrainaren barnean geratu zen Ruteniako eskualdea izan ezik. 1948an, herri sozialista bihurtu zen Txekoslovakia; ekonomia sozialista bultzatu eta SESBrekin lotura handia izan zuen. 1968ko udaberrian, erreforma handiak bideratu zituen Alderdi Komunistako idazkari nagusiak, A. Dubcek-ek, Txekoslovakiako antolamendu politikoan; SESBk ez zuen onartu eta Varsoviako Ituneko tropek 1968ko abuztuan okupatu zuten Txekoslovakia. Buruzagi nagusiak atxilotu egin zituzten. 1968ko urrian sortu zen Eslovakiako Errepublika Sozialista. G. Husak izan zen Dubcek-en ondorengoa Alderdi Komunistan eta errepublikako lehendakari egin zuten 1975ean, Svobodaren ordez. 1977an, giza eskubide eta eskubide politikoen aldeko eskaera egin zuten intelektual eta politikari batzuek (77ko Gutuna). 1987an M. Jakes-ek hartu zuen G. Husak-en tokia eta 1989an dimisioa aurkeztu zuten Alderdi Komunistako buruzagi nagusiek. Vaclav Havel izan zen lehendakari berria. 1990etik aurrera, Txekia eta Eslovakiako Errepubliken Federazioa izan zen estatuaren izen ofiziala. Urte hartako hauteskundeak sozialismoaren aurkako alderdiek irabazi zituzten. 1991z geroztik indartuz joan ziren Eslovakia burujabearen aldeko aldarrikapenak eta 1993ko urtarrilaren 1ean Txekoslovakiako bi herriak banatu eta bi estatu berri sortu ziren: Txekiar Errepublika eta Eslovakia.




Atzera