Medici

Italiako merkatari- eta bankari-familia. XV-XVIII. m.en bitartean, Florentzia eta Toskanako historian eta Europako politika, arte eta literaturan, garrantzi handia izan zuen. - Kosme Zaharra (Florentzia, 1389 - Careggi, 1464). 1434tik aurrera Florentziako familiako buru izan zen. Artistak babestu zituen eta Florentzia humanismoaren hiriburu bilakatu zuen. - Lorentzo I.a (izg. Bikaina) (Florentzia, 1449 - Careggi, 1492), aurrekoaren biloba. Arte eta literaturaren babesle izan zen eta bere agintaldian (1469-92) Errenazimentu italiarraren ideala gauzatu zuen. - Julian (Florentzia, 1478 - Erroma, 1516), aurrekoaren iloba. Frantziako Frantzisko I.ak Nemoursko duke egin zuen. Julio I.a aita santuaren eta Espainiako armadaren laguntzari esker (1512), Savonarolaren iraultzaren ondoren galdutako boterea berreskuratu egin zuen Medici familiak eta Julian jarri zuten agintean. - Lorentzo II.a, Urbinoko dukea (Florentzia, 1492-1519). Katalina Mediciren aita izan zen. Harentzat idatzi zuen Makiavelok Printzea tratatua. - Alexandro (Florentzia, ~1510-37). Florentziako lehen dukea izan zen. Diktadore handia izan zen. Bere lehengusu Lorenzinok hil egin zuen. Alexandro izan zen Medici familiaren adar zaharreko azken buruzagia. - Kosme I.a (Florentzia, 1519 - Florentzia ondoan, 1574). Toskanako lehen duke handia izan zen (1569-74). Espainiako Karlos V.aren soldadu-taldeak onartu behar izan zituen. Toskanako duke handi egin zuten (1569). Akademia sortu zuen arren, Florentziako artearen gainbehera hasi zen garai hartan. - Fernando I.a (Florentzia, 1549-1609), aurrekoaren semea. Toskanako duke handia (1587-1609). Frantziarekin aliantza lortzen saiatu zen bere iloba Maria Frantziako Enrike IV.arekin ezkondu zenean (1601). Kardinal izateari utzi eta politika independente bati ekin zion. - Fernando II.a (Florentzia, 1610-70). Toskanako duke handia (1621-70). Kleroaren mendean agindu zuen, ordea, eta, miresten zuen arren, ezin ekidin izan zuen Galileoren kondena. - Joan Gaston (Florentzia, 1671-1737). Toskanako duke handia (1723-37). Medicitarren azken dukea izan zen. Frantzisko III.a Lorenako dukeak hartu zuen haren ordea.



Atzera