Mendebaldeko Sahara

Afrikako IM-ko lurraldea, Ozeano Atlantikoaren ertzean, Marokok okupatua; 266.000 km2 eta 160.000 bizt. inguru. Hbru. Aaiun. Mugak: I-an Maroko; IE-an Aljeria; E-an eta H-an Mauritania; M-an Ozeano Atlantikoa. Oso lurralde laua da. Klima desertikoa barnealdean. Fosfato-erreserba handiak. Populazioa arabiar-berberea da eta erlijioz musulmana.
Historia. IV. m.tik aurrera tribu berbere nomadak bizi ziren eskualdean. XI. m.: almoravideen inperioaren menpe gelditu zen. 1884: Espainiako gobernuak espedizio handi bat bidali zuen lurraldea bereganatzeko eta XX. m.aren hasieran, Frantziak eta Espainiak lurralde-banaketa adostu ondoren, Espainiak Río de Oro izeneko protektoratua eratu zuen bertan. 1934: Sidi Ifnirekin batu eta Mendebaldeko Afrika Espainola sortu zuen. 1957: Espainiak protektoratua deuseztatu eta Espainiako prob. izendatu zuen. 1960: NBEk Mendebaldeko Sahara deskolonizatu beharreko lurralde izendatu zuen. 1973: Fronte Polisarioa jaio zen eta saharar abertzaleak altxatu egin ziren; orduan Espainiak autodeterminazio-erreferenduma iragarri zuen eta Saharako herritarren errolda osatzeari ekin zion. 1975: Espainiak kolonia uzteko asmoa adierazi zuelarik, Marokok "Martxa Berdea" antolatu zuen: 44.000 marokoar Mendebaldeko Saharara sartu ziren lurraldean. Espainiak, Mauritaniak eta Marokok Mendebaldeko Saharan behin-behineko administrazioa eratzeko akordioa sinatu zuten, baina Fronte Polisarioak Errepublika Arabiar Saharar Demokratikoa (RASD) aldarrikatu eta, Aljeriaren laguntzaz, Mauritania eta Marokoren aurkako gerrari ekin zion. 1976: Marokok eta Mauritaniak hitzartutako akordioa medio, Marokok Mendebaldeko Saharako bi herenak eskuratu zituen. 1979: OUA erakundeak Mendebaldeko Saharako autodeterminazio-eskubidea berretsi zuen eta Mauritaniak Fronte Polisarioari utzi zion bere menpeko eskualdea. 1981: Marokok 1974ko erroldan oinarritutako erreferenduma egitea onartu zuen. Fronte Polisariok areagotu egin zuen Marokoren aurkako erasoa. 1991: NBEk Mendebaldeko Sahara baketzeko plana onartu zuen eta irailean su-etena indarrean jarri zen; NBEko Segurtasun Kontseiluak erreferenduma 1993an egin behar zela berresten zuen ebazpena onartu zuen; geroztik, ordea, Marokok prozesua oztopatu egin du behin eta berriro.




Atzera