autodeterminazio

iz. 1. Herri bateko biztanleek bere estatutu politikoa libreki hautatzea. 2. Nork bere buruari dagozkion erabakiak hartzea.
NBEren arabera, estatu independente izateko edo bestelako eraketa politikoren bat aukeratzeko ekintza politiko-juridikoa da autodeterminazioa, erreferendum espezifikoan edo beste eraren batera gauzatzen dena. Herrien autodeterminazio-eskubideari buruzko eztabaiden, aldarrikapenen eta aitorpenen historia XIX. mendearen hasieratik dator, eta mende horretako Europako marxisten arteko eztabaidagai oso garrantzizkoa izan zen. Eskubide horren sorreran nazionalitateen printzipioa dago: honen forma juridikoaren adierazpena baino ez da autodeterminazio-eskubidea, hau da, nazio bakoitzari estatu berezia dagokiola dioen tesi politikoaren adierazpen juridikoa. Nazionalitateen printzipioa, berriz, lehen-lehenik, Frantziako eta Iparramerikako iraultzek aldarrikatu zuten eta ondoren Europako beste herrialdeetara hedatu zen.
XIX. mendean nazionalismoak berebiziko indarra hartu zuen Europan bereziki: orduan sortu ziren estatu berriek (Grezia, Belgika, Italia, Alemaniak) autodeterminazio-eskubidean oinarriturik burutu zuten batasun nazionala. Hala ere, estatu hauen konstituzioetan ez da printzipio hori jaso. Beraz, autodeterminazio-eskubidea ez zen berehala zuzenbidezko eskubide bilakatu. Lenin herrien autodeterminatzeko eskubidearen alde zegoen, teoriaz behintzat. Ondorioz, 1917ko Urriko iraultzatik sortutako estatu boltxebikea izan zen autodeterminazio-eskubidea legez onartu zuen lehena. Besterik gertatu zen printzipio horren aplikazioa.
Lehen Mundu-Gerraren ondoren aliatuek esplizituki onartu zuten autodeterminazioaren printzipioa, bakerako bide gisa, AEBetako Wilson presidentearen eraginez, besteren artean. Eta horren izenean Austrohungariar eta Otomandar inperioen lurraldeetan eta Errusiaren menpeko lurralde baltikoetan hainbat estatu berri sortu ziren. Nazioen Elkarteak bere egin zuen printzipioa; eta Bigarren Mundu-Gerraren ondoko Nazio Batuen Erakundeak bere Kartaren 55. artikuluan definitu zuen herrien eskubidea, estatu independentea eratzeko edo bere buruari bestelako eraketa politikoa emateko. Ordutik, beraz, nazioarteko zuzenbidearen funtsezko oinarritzat dago onartuta. Hala ere, horren aplikazioa herri kolonizatuetara mugatu nahi izan dute estatu askok. Herrien eskubidea zabaltzeko oztopotzat ipini izan dira estatuen beraien subiranotasuna, autodeterminazio-eskubidea eta lurralde-osotasuna, batetik, eta autodeterminazio-eskubidea erabil dezakeen herria bera definitzeko zailtasuna, bestetik. 1976ko Aljer-eko "Herrien Eskubideen Deklarazioa" NBEk 1948an emandakoa osatzera etorri zen. (1990ean CONSEUk, Europako Estaturik Gabeko Nazioen Konferentziak, "Herrien Eskubide Kolektiboen Deklarazio Unibertsala" onartu zuen Bartzelonan, Aljer-ekoa puntu nagusi batzuetan gainditzen zuena).
Hala ere herrien autodeterminazio-eskubidearen printzipioak indar berria hartu du, Europan hain zuen, Sobietar Batasuna eta Jugoslavia estatuak desegitean. Eskubide horren arabera sortu dira hainbat estatu independente berri: Lituania, Estonia, Letonia, Ukraina, Eslovenia, Kroazia, etab. Alemaniaren batasuna ere autodeterminazio-eskubidearen izenean onartu zuten Mendebaldeko beste estatuek.
Espainiako eta Frantziako konstituzioek estatu-nazioaren batasuna eta zatiezintasuna dituzte printzipio, hau da, barneko herrien autodeterminazio-eskubidea ukatu egiten dute. Hala ere, Hego Euskal Herrian autodeterminazioaren errebindikazioa indartu egin da azken urteotan, horri buruzko kongresutan eta mugimendu sozialetan nabarmendu denez, indar abertzaleen eta bestelako batzuen bateragune nagusietako bihurtzeko moduan; 1991n Eusko Legebiltzarrak Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubidearen aldeko botoa eman zuen; bestalde, ETAk bere borroka armatuari uzteko ipintzen duen funtsezko baldintza Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubidea Espainiako konstituzioan onartzea da.




Atzera