Letonia
(Latvija). Europako E-ko estatua, Itsaso Baltikoan. Mugak: I-an Estonia; H-an Lituania eta Bielorrusia; E-an Errusia; M-an Itsaso Baltikoa. Lurralde laua da. Mendebaldeko Dvina ibaiak alderik alde igarotzen du. Klima epela eta hezea du. Baso handiak daude eta aintzira ugari. Nekazaritza, abeltzaintza eta industria dira jarduera nagusiak. Zentral hidroelektriko garrantzitsuak daude eta oliobide eta gasbideek zeharkatzen dute herrialdea. Itsas portu garrantzitsuak ditu: Liepaia eta Riga.
Historia. Kristautasunaren hastapenetan ugrofinlandiarrez eta Baltikoko etnietako herriez osatuta zegoen. Erdi Aroan germaniarrek lurraldea konkistatu eta herri horiek guztiek talde etniko bakarra osatu zuten. 1201: Riga hiria fundatu zen. 1202: Livoniako apezpikuak zaldun ezpatadunen ordena sortu zuen eta zaldun teutonikoen laguntzaz, kristautu egin zuen Letonia. 1561 arte, bitan banatuta eta zaldun teutonikoen menpe egon zen: Livonia eta Kurlandia. 1710: Errusiak Livonia okupatu zuen eta 1795: Poloniako hirugarren banaketan, Kurlandia ere bereganatu eta Letonia osoa errusiarren menpe geratu zen. Lehen Mundu-Gerran alemanek Kurlandia (1915), Riga (1917) eta Livonia (1918) bereganatu zituzten. 1918: alemanek alde egin eta Letoniak independentzia aldarrikatu zuen. Sobietarrek eraso egin, Riga hartu eta gobernu komunista ezarri zuten. 1919: alemanak sartu eta Alemaniaren aldeko gobernu bat eratu zuten, baina Karlis Ulmanis lehen ministro letoniarrak, aliatuen laguntzaz, Riga berreskuratu zuen. Rigako itunean sobietarrek Letoniaren independentzia onartu zuten. 1922: konstituzio demokratikoa izan zuen. 1934: III. Reicharen beldur, Ulmanisek estatu-kolpea burutu eta aginte guztia eskuratu zuen. Sobietarrek alemanekin bat hartu eta Letonia sobietarren menpe jarri zen. 1940: SESBk Letonia inbaditu, sobietar errepublika aldarrikatu eta SESBera bildu zuen. 1941-44: alemanen menpe egon zen berriro. 1944: sobietarrek Riga hartu eta errepublika sozialista ezarri zuten. 1960ko hamarkadan nazionalismoa indartu, erregimen sozialistatik urrundu eta independentziaren aldeko borrokak piztu ziren. 1990: hauteskunde libreetan independentziaren aldekoek irabazi zuten. 1991: independentzia aldarrikatu eta SESBk onartu egin behar izan zuen. 1994: tropa sobietarrak erretiratu egin ziren. 1995: Europako Elkartean sartzeko eskaera egin zuen Letoniak.
Atzera