berbere
1. iz. eta izond. Afrikako iparraldeko etnia ugarieneko eta zaharreneko kidea; etnia horri dagokiona. 2. iz. HIZKL. Familia kamitosemitikoko hizkuntz multzoa, berbereek hitz egiten dutena.
HIST. Berberea jatorri ezezaguneko herria da eta historiaurrean finkatu ziren Afrikako iparraldean. Tribu independente askoz osatuta dago eta une jakin batean atzerritarren aurka bat egiteko gai izan ziren arren, historian zehar ez dute estatu zentralizatu eta iraunkorrik osatu, Numidiako Masinisa eta Jugurta erregeen agintaldietan eta Mauritaniako Juba II.arenean ezik. Feniziarrak eta grekoak Afrikako kostaldeko lurraldeetan finkatu ziren eta koloniak sortu zituzten. Erromatarrek Kartago hartu zutenean berbereak aurre egiten saiatu ziren, baina ezin izan zituzten kolonietatik egotzi. Lurraldea erromatarren probintzia edo protektoratu bilakatu zen, baina inperiokoak lautadetan finkatu ziren arren, ezin izan zituzten gainerako herriak menperatu. III. eta IV. mendeetatik aurrera berbere-talde batzuk kristautu egin ziren eta latina onartu egin zuten. Erromatar inperioaren azken urteetan (IV. m.) berbereen altxamentuek indar berezia hartu zuten. 426. urtetik aurrera bandaloak kostaldean finkatu ziren, baina hauek ere ezin izan zuten lurralde osoa konkistatu. Ekialdeko Inperio erromatarraren garaian berbereak indartu egin ziren eta bizantziarrek ez zuten herri bakar batzuk kontrolatzea besterik lortu. VII. mendearen hasieran arabiarrek egindako erasoari aurre egitea lortu zuten, baina mendearen amaierarako musulmanak nagusitu egin ziren kostaldean. Hasiera batean islamismoa onartu eta arabiar armadan sartu baziren ere, berehala beren kultura eta Ipar Afrikako agintea berreskuratzen saiatu ziren. XI. mendetik XIII. mendera bitartean bi dinastia berbere nagusitu ziren: almoravideak eta almohadeak eta, bata bestearen atzetik, eragin handiko estatu independenteak sortu zituzten. XV. mendean arabiarrek berbereak erabat menperatu zituzten. Gaur egun Ipar Afrikan sakabanaturik bizi dira: iparraldeko lautadetako berbereak sedentarioak dira eta basamortukoak nomadak. Bere baitan 30 talde inguru biltzen dituzte, kabiliarrak eta tuareg-ak barne.
HIZKL. Afrikako iparraldean hitz egiten diren hizkuntzen artean zaharrena da. Egiptoko basamortuko mendebaldearen eta Ozeano Atlantikoaren artean 6 milioi hiztun baino gehiago daude. Dialekto askotan banatuta dago, 4.000 edo 5.000 hizkera desberdindu direlarik fonetika mailako aldaeretan oinarriturik. Ez da inoiz estatu-hizkuntza ofiziala izan eta gaur egun arabieraren eraginez atzerantz ari da egiten. Zenbait hizkuntzarekin ahaidetasun-erlazioak bilatu nahi izan zaizkio (libierarekin eta guantxerarekin adib.), euskararekin ere lotu izan delarik, lexiko aldetik batez ere (eusk. izen, ber. isem; eusk. aker, ber. iker). Dena den, corpus txikiegia da funtsezko ezer proposatzeko eta gaur egun bien arteko alegiazko ahaidetasun hori erabat baztertuta dago.
Atzera