Taiwan

(Txung-hua Min-Kuo), Txina Nazionalista izenaz ere ezaguna, lehen Formosa. Asiako E-ko estatua, Ozeano Barean, Taiwan uharteak eta beste uharte txikiago batzuek (Arrantzaleen artxipelagoak) osatua, Txinako kostaldearen aurrean. Taiwango itsasarteak bereizten du Asiako kontinentetik. Ekonomian manufaktura eta nazioarteko merkataritza. Nekazaritzan arroza, azukre-kanabera, artoa, fruta-arbolak eta tea (etxerako eta esportatzeko). Ehungintza, industria elektronikoa eta mekanikoa, jostailugintza, industria kimikoa, zementuen industriak asko garatu dira.
Historia. Txinatarrek antz.tik ezagutzen zuten uhartea. 1590: portugesek aurkitu zuten uhartea eta Ilha Formosa (uharte ederra) izena eman zioten, baina ez ziren bizitzen jarri. 1624: holandarrak uhartearen H-az jabetu ziren eta handik bi urtera espainiarrak I-ra iritsi ziren. 1661: Koxinga txinatarrak uharteaz jabetu eta printzerri autonomo bilakatu zuen. 1683: Txinak bere egin zuen Taiwan. 1895: txinatarren eta japoniarren arteko gerraren ondorioz, japoniarrek Taiwan eta Arrantzaleen artxipelagoa eskuratu zituzten, baina 1945ean Txinak berreskuratu egin zituen ostera. 1949: Mao Zedong-en alderdi komunistak Txinan boterea lortu zuenean, Guomindang-eko armada eta buruzagi nazionalistak uhartera aldegin zuten kontinentetik ihesi. 1950-75: Txiang Kai-Shek izan zen Taiwango Errepublikako lehendakari eta EEBBen laguntza izan zuten. Honen onespena lagun, Txiang Kai-Shek NBEn txinatar guztien ordezkaritzat onartzea lortu zuen. 1979: EEBBek Txinako Herri-Errepublika onartu zuen eta Taiwanekin zituen harreman diplomatikoak hautsi. Txiang Kai-Shek hil zenean (1975), Txiang Txin-Kuo semeak jarraitu zion agintean. 1987: legeztatu egin zituzten alderdi politikoak, eta hurrengo urtean Li Teng-Hui izendatu zuten lehendakari. 1991: lehen hauteskunde demokratikoak egin ziren eta Guomindang-ek irabazi zuen eta Li Teng-Hui berrautatu zuten lehendakari. 1996: hauteskundeetan berrautatua.




Atzera