Zamakola, Joan Antonio
Eskribau eta militar bizkaitarra (Dima, 1758 - Auch, Frantzia, 1819). Madrilgo kolegioko errege-eskribaua izan zen. Napoleonen inbasio-garaian Madrilen bizi zen eta Jose I.aren agintaldian ere eskribau izan zen. Konbentzio-gerra garaian Bizkaiko jaurerriko erregidore eta Dimako tertzioen kapitain izan zen. Frantsesak Espainiatik irten zirenean, Auch-en erbesteratu zen (1813). Besteak beste, Historia de las naciones bascas obra argitaratu zuen (1818); historian zehar Euskal Herri osoko instituzioek izandako garrantzia, Bizkaiko gorabehera historikoak eta Bizkaiko herri, gobernu, ekonomia, hizkuntza, etab. deskribatu zituen.- Simon Bernardo. Eskribau eta politikari bizkaitarra (Dima, 1759-1809), aurrekoaren anaia. Herriko errege-eskribau eta Gernikako Batzarretan behin eta berriz Dimako ordezkari izan zen. Konbentzio-gerran frantsesen aurka parte hartu zuen. Durangoko merindadea indartzeko asmoz, bertako 11 elizateak elkartu zituen (1799). Gernikako Batzarretan, Abandon edo Nerbioi ertzean merkataritza libreko portua ezarriko zuen proiektua onar zedin lortu zuen (1801). Horrek Bilbo eta Bizkaiko jaurerriaren arteko harremanak okertu zituen, Bilboko jauntxoak erabakiaren aurka agertu baitziren. Hortik "Zamakolada" izenez ezagutzen den matxinada sortu zen (1804), Zamakolaren eskariz Batzar Nagusiek derrigorrezko soldadutza onartu baitzuten Madrilgo gobernuari portua egiteko baimena emana eskertzeko edo; horrek jendearen haserrea piztu zuen. Hala, Dimara itzuli behar izan zuen. Ondoren, Etxarri-Aranatzera joan eta Nafarroako erregeordearen babesa lortu zuen giroa lasaitu eta Bizkaira itzultzeko aukera izan zuen arte. Altxamendua zapaldu zenean, Bizkaiko jaurerriko Batzar Nagusiak Madrilera bidali zuen Godoy-rekin Bizkaiko Foruak normaltzera (1805), baina berehala erotzen hasi zen. Buruko eritasunak jota, Parisera bidali zuten sendatzera.
Atzera