abisal

izond. Argirik iristen ez den itsaso sakoneko eskualdeari dagokiona. Animalia abisalak.
ENTZ.
Eskualde abisalek azalera ozeanikoaren % 80 inguru hartzen dute, hau da, munduaren azaleraren erdia baino gehiago. Benetako zona abisala, benetako itsaso sakona, 2.000 m-tik behera hasten da. Hala ere, biologiaren ikuspegitik, zona abisala plataforma kontinentala 200 edo 300 m-ra jaisten den lekuan hasten dela esaten da. Hor amaitzen da landare-bizitza; eguzkia sakonera hori baino beherago iristen ez denez, animaliek arazoak dituzte elikagaia aurkitzeko. Baina eremu abisalaren hondoa, itsas gainetik hondoratutako animalia hilen hondakin organikoak dituen lohiaz estalita dago. Lohi horrek, elikagai-eduki eskasa du eta bertan bizi diren animalia urriek elkarrekiko menpekotasuna dute.
Sakonera dela bide, urak eragiten dien presio handiak, giro horretara egokitzeko prestakuntza berezia eskatzen die eremu horietan bizi diren izakiei (arrain batzuek argia sortzen dute, beste batzuek soinu-seinaleak igortzen dituzte, etab.).
Garai batean, eremu abisala zeharo despopulatuta zegoela pentsatu zen, baina Atlantikoan komunikazio banaketarako urpean jarri zen lehen kablea itsas gainera atera zenean, animaliaz beteta zegoela ikusi zen eta, gainera, hauetariko asko ordu arte ezezagunak zirela.




Atzera