artile
iz. 1. Ardiaren edo kideko animalien ilea, bereziki moztu ondorengoa. Artilezko burkoa. 2. (zah.) Artilez egiten zen biru gordina, gaur artile gordina deitzen dena. 3. Artilezko piru landua; delako biruaz egindako ehuna. Artilezko jertsea, galtzerdiak. 4. BOT. Zenbait landarek duen ile-antzekoa.
Jatorriz ardiaren larruazala eta hedaduraz kideko beste animalia batzuen (Angora ahuntza, alpaka, llama, etab.) larruazala estaltzen duen ile gehienetan leun eta kizkurra, bereziki moztu ondorengoa, da artilea. Bere ezaugarriak direla medio, haria egin eta jantziak eta bestelako piezak egiteko erabiltzen da. Ardi eta aharien ilea da gehien produzitzen dena, horregatik artilea hitzez gehienetan animalia horiena ulertzen da. Artilezko haria lortzeko, animaliaren ilea moztu ondoren, garbitu, lehortu, kardatu eta orraztu egiten da. Hari hori ehuna egiteko edota haria bera landuz jertse, galtzerdi, etab. egiteko erabil liteke. Ehunak ezaugarri desberdinak izan ditzake: elastikotasuna, hotzarekiko babes-maila, erabilgarritasuna, etab. Kalitaterik handieneko artileak jatorri britainiarrekoak (batez ere, Leicester eta Lincoln-ekoak) dira. Artile-produkzioari dagokionez Australia da nagusi, ondoren Zeelanda Berria, Uruguai Argentina eta Hegoafrikar Errepublika.
Gaztelako erresuman, Erdi Aroko ekonomiaren oinarria izan zen, garai horretan gertatu zen abeltzaintzaren hedapenari (eta mesta izeneko abeltzain-erakundeari) oso lotua zegoena.
Euskal Herrian, batez ere Nafarroako ekialdean eta Zuberoan, ia orain arte garrantzi handia izan du artileak abeltzainen ekonomian.
Atzera