barrabil

iz. Gizonezkoaren eta oro har ugaztunen bi testikuluetako bakoitza. • barrabil-zorro. Eskrotoa. • BARRABILAK IZAN, EDUKI. (arrt.) 1. Ausardia, adorea izan. 2. Aurpegia, azal lodia izan.
Gizakiagan eta ugaztun gehienetan organismoa jaio aurretik barrunbe abdominalean garatzen dira, baina jaio aurreko unean edo jaio eta handik denbora gutxira jaisten dira eskroto edo barrabilak biltzen dituen zorro-antzekora. Kasu gutxi batzuetan barrunbean geratzen dira eta honelakoetan barrunbeko tenperatura eskrotokoa baino zertxobait altuagoa izateak ugal-zelulak sortzea inhibitzen du. Indibiduo helduengan, luzean 4-5 cm inguruko arrautza-antzeko masa da eta albuginea izeneko mintzez estalia dago. Barrabil bakoitza kiribilean bilduta dauden milaka tubulu seminiferoz osatua dago; tubuluak epitelio germinalaz inguraturik daude eta epitelio horretan daude espermatozoide bilakatuko diren nukleo handidun zelulak. Tubulu hauen artean zelula interstizialak daude eta zelula horiek sexu-hormona maskulinoak (testosterona bereziki) jariatzen dituzte. Tubulu seminifero bakoitzaren muturrean beste hodi fin bat, eferentea izenekoa, dago eta honen bidez epididimoarekin konektatzen du; bertan depositatzen dira espermatozoideak. Epididimo bakoitzetik ateratzen den hodi deferentea izenekoak barrabil bakoitza barrunbe abdominal, gernu-maskuri eta zakilarekin komunikatzen du. Bi funtzio ditu, beraz, barrabilak: ugalketarako dena bata (espermatozoideak sortzea) eta endokrinoa bestea (sexu-hormona maskulinoak jariatzea).




Atzera