buda

iz. 1. Budismoan, maila goreneko argitzapena eta jakinduria erdietsi duen pertsona. 2. Buda irudikatzen duen eskultura.
Hasieran buda Sidarta Gautama budismoaren fundatzaileari gaztaroan izan zuen "argitzapen handiagatik" emandako titulua bazen ere, gero pertsonaiaren izen propio bilakatu zen. Baina budismoaren arabera, buddha ("argitua") azken argitzapena lortu duen eta nirvanara iritsi den edozein gizon edo emakume ere bada. Askatasun transzendentaleko egoera adieraztezina da nirvana, gizakiak mundu honetako bizialdian ere lor dezakeena, argitzapenaren bidez bere berraragiztapen-zikloez eta oinazearen sustraiaz edo hori kentzeko bideaz ("lau egia jatorrez") jabetzen denean. Buda-maila lortzeko bidean hamar birtute handiak (paramita) bete behar ditu buda-gaiak. Nirvanara heltzeak berraragiztapenen-kateatik libre geratzea esan nahi du. Su erretzailearen antzekoa denez bizitza, honetako iruzurraren, grinen eta irriken sua itzaltzen denean lortzen da nirvana, erabateko baretasunezko eta bakezko egoera lortuz. Egoera horixe erakusten dute budaren irudiek: horiek ez dira Gautamaren irudikapen soilak, jarraitzaileek gurtzeko ipiniak -Gautama bera horrelako gurtzaren aurkakoa zen-, gizon-emakume guztien idealaren irudikapenak baizik.




Atzera